Aipatutako diskriminazioekin lotutako indarkeria nabarmenki aregotu da gure gizartean. Egoera honek argi eta garbi erakusten digu zer nolako gabeziak ditugun gaur egun gure gizartean, eta zehazki, pertsona guztion berdintasuna eta askatasuna onartzearekin.
Gizartean ikusarazten ditugun arazoak erraz islatzen dira gure ikastetxean. Oso ohikoa da egunerokoan mezu diskriminatzaileak entzutea gure ikaskideen partetik, baita gure orientazio sexuala, genero identitatea eta zuzenean gure burua bera zalantzan jarraraztea lortu nahi duten jokabideak jasatea. Sarri suertatu izan zaigu egoera hauetan irakasleen aldetik behar bezalako babesa ez sentitzea, horien inplikazioa irakasletik irakaslera aldatzen dela sentiaraztea, edota maiz irakasleak baliabide gabe ikusaraztea. Honek guztiak mahai gainean jartzen du beste behin irakasle zein ikasleentzako formakuntzak indartzearen beharra.
Ezinbestekotzat jotzen dugu maila publikoan ere gure eskakizunei entzutea eta honen beharrak asetzen laguntzea. Elgoibarko ikastetxe publikoa garen heinean ezinbestekoa da gu erdigunean ipintzea, herri zein gizarte mailan daukagun papera ukaezina baita. Horregatik, dagokien eragile eta instituzio publikoei dei egiten diegu: batetik, bizikidetzarako gizarte baterako bidean bide hori gurean hasten dela gogoan izateko; eta bestetik, aurreko helburu horretarako laguntza eta baliabide publiko guztiak behar ditugula ohartarazteko. Orain arteko ekarpenak eta laguntzak eskertzen baditugu ere, agerian geratu da egun bizi dugun testuinguruan ahalegin gehiago egin behar direla aipaturiko balio horiek gure ikastetxe barruan sendotzeko.
Hezkidetza eta Bizikidetza taldeko kide gisa gure konpromisoa zalantzaezina da, eta horregatik ez genuen aukera pasatzen utzi nahi gure aldarria partekatu eta dagokion eragileei interpelatzeko. Ikastetxe moduan dugun erantzukizunaz jabetuta, ezinbestekoa dugu dei hori egitea, soilik elkarlanean lortu ahal izango baitugu garen bezalakoak onartzen gaituen ikastetxe, herri eta gizartea eraikitzea.
Elgoibar BHI-ko Hezkidetza eta Bizikidetza taldeko ikasleak