KiVa Eguna 2019

Urriaren 4an, ikasturte hasiera guztietan bezala, Kiva-eguna ospatu dugu Elgoibar Ikastolan. Oraingo honetan LH eta DBHko ikasleek Kiva programaren logoa irudikatu dute erdiko aretoan jazarpenaren aurkako lelo desberdinak erabiliz.

 Ikasturte honetan programak duen prebentzio eremua azpimarratu nahi dugu bereziki, izan ere, lehenengo aldiz Kiva saioak maila guztietan (LH eta DBH) bideratuko dira, hedapen osoa lortuz.

Dakizuen bezala, saio horietan Finlandiatik diseinatutako material, baliabide digital eta webgunea erabiltzen dira gelan hainbat balio eta jokabideen inguruan hausnartzeko, eskola jazarpena bera ere jorratuz; horrela jazarpen kasuetan izan ohi diren jokabideak zuzenduz joaten dira eta ondorioz kasuak murriztu. Ezagutzen diren kasuak salatzea eta biktimarekiko enpatia areagotzea bultzatzen da, batez ere. 

Horrez gain azpimarratu nahiko genuke, beti bezala, familiek gai honetan duzuen eskumena. Asko laguntzen du jazarpen-egoerak serio hartzeak, ikastolaren ekimenarekiko konfiantza izateak eta zentroarekin lankidetzen jarduteak. Seme-alabekin jazarpenari buruz hitz egin behar da, eta kasu horietan partaide izan ez daitezen eskatu; biktima babesteko jarrera sustatu eta lekuko direnean helduengana jotzeko ohitura bultzatu. 

Kiva programak dioen bezala: elkar jazarpena geldiaraz dezagun! 

KiVaOsoa