Veneziako Mostran estreinatutako filma, Perlak atalean izango da ikusgai Donostian. Izan ere, nazioarteko gainerako zinemaldietan arrakastatsuak izan diren filmek osatzen dute Perlak saila.
El Extranjero François Ozonek zuzendu eta Albert Camusen izen bereko eleberrian oinarritutako 2025eko film baten izena da. Benjamin Voisin da protagonista nagusia, Meursault. 1938an Aljerren girotutako filmak gertaera tragiko bat bizi duen langile apal bat du ardatz, eta zuri-beltzean filmatu dute giroa irudikatzeko.
Meursaultek –hogeita hamar urte inguruko langile apalak, ez du emozio-izpirik erakusten amaren hiletan. Biharamunean, ustekabeko istorio bat hasiko du Marierekin, lankide batekin. Laster itzuliko da ohiko errutinara. Alabaina, Raymond Sintesek –bere bizilagunak– bere egunerokotasuna aztoratuko du bere negozio ilunetara bultatzean, eta bero kiskalgarriko egun batean gertaera tragiko bat jazoko da azkenik hondartzan.
FRANÇOIS OZON, ZUZENDARIA
François Ozon (Paris, 1967) zinemagileak Urrezko Maskorra eta gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria irabazi zituen Donostia Zinemaldian Dans la maison (2012) filmagatik. Ozonek filmografia zabala du: Sous le sable (Sail Ofiziala, 2000), 8 femmes (Perlak, 2002), Swimming Pool (Perlak, 2003), Le refuge (2009), Epaimahaiaren Sari Berezia Zinemaldian, Jeune et jolie (Perlak, RTVE-Beste Begirada Saria, 2013), Une nouvelle amie (Sail Ofiziala, 2014), Grace à Dieu (2018), Epaimahaiaren Sari Handia Berlinalen, Été 85 (Sail Ofiziala, 2020), Tout s'est bien passé (Perlak, 2021) eta Peter von Kant (2022) Berlinale jaialdia inauguratu zuen eta Perlak sailean ikusi genuen Donostian. Iaz Quand vient l’automne (2024), Taldeko Interpretazio Onenaren Zilarrezko Maskorra eta gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria) eskuratu zituen. Aurten Veneziako Mostratik iritsi da L'étranger (2025) filma Perlak sailera.