Zuzendari hauen filmak sail guztietatik pasa dira eta aurten, berriz ere, Urrezko Maskorraren lehian bete-betean murgilduta daude. Azken filmak, izenak berak dioen bezala, Kanaria Handira garamatza.
SINOPSIA
Filmak Vicente 76 urteko gizon baten historia kontatzen du. Bikotearekin hautsi ondoren, Vicentek gustuko duen bizimodua darama Maspalomasen: eguzkia, parranda eta gozamena dira bere eguneroko jardunak. Baina istripu batek Donostiara itzultzera behartuko du eta han aspaldi abandonatu zuen alabarekin elkartu beharko du. Vicentek zahar-etxe batean bizi beharko du eta bertan armairura itzultzera bultzatua sentituko da, konpondutzat zuen bere buruaren alde bat ezkutatuz. Egoera berri horretan, galdera bat nagusituko da: garaiz al dago Vicente besteekin –eta bere buruarekin– bakeak egiteko?
GOENAGA ETA ARREGI, ZUZENDARIAK
Aitor Arregik (Oñati, 1977) eta Jose Mari Goenagak (Ordizia, 1976) Jon Garañorekin egiten dute lan Moriartin; hauek atera dira ekoiztetxe horretatik: Lucio (Arregi eta Goenaga, Zabaltegi 2007); 80 Egunean (Garaño eta Goenaga, Zinemira 2010); Loreak (Garaño eta Goenaga, Sail Ofiziala 2014), film onenaren Goya sarirako izendatua; Handia (Arregi eta Garaño, 2017), Epaimahaiaren Sari Berezia eta Irizar Saria Donostian, eta 10 Goya; La trinchera infinita (Arregi, Garaño eta Goenaga, 2019), zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra, gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria, Irizar Saria eta FIPRESCI Saria Donostian, eta bi Goya; eta Marco (Arregi eta Garaño, 2024, Perlak), Veneziako Orizzontin estreinatua eta gizonezko aktore onenaren Goya saria.
“Maspalomas” ez da aurten Sail Ofizialean ikusi ahal izango den euskarazko film bakarra. Lehiaz kanpo bada ere, Asier Altunaren “Karmele” filmak tartea izango du emanaldi berezien artean. Orain dela urte batzuk sinestezina zirudien baina errealitate bihurtzen ari da.