Zinemagile euskaldunen azken lanak Sail Ofizialean ikusi ditugu baina oraingoan, filma Venezian izan ondoren, Perlak sailean, lehiaz kanpo, izango da ikusgai Donostian. Izenak berak dioenez, nazioarteko gainerako zinemaldietan arrakastatsuak izan diren filmek osatzen dute Perlak saila.
SINOPSIA
Enric Marco inoiz existitu ez zen deportatua izan zen, iritzi publikoaren eta bere familiaren aurrean urteetan gezur bati eusteko gai izan zen gizona: bere esanetan, nazien kontzentrazio-esparru batean preso hartu zuten. Karismatikoa eta sinesgarria, Marco Holokaustoaren Biktimen Espainiako Elkarteko presidente izatera iritsi zen, eta bertan, bere ustezko ausardiagatik eta sufrimenduagatik nabarmendu zen historialari batek egia azaleratu artean, bere kontakizuna erabat faltsua zela. Eduard Fernandez aktoreak interpretatu du Marko.
ZUZENDARIAK
Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendariek Moriarti ekoiztetxean lan egiten dute, urteak daramate elkarrekin lanean eta hortik atera dira arrakasta handiko hainbat film, urteetan Zinemaldiko hainbat sailetan ikusi ditugunak. Aurten, lehen aldiz, Perlak sailean izatea lortu dute.
-
Lucio (Arregi eta Goenaga, Zabaltegi 2007), dokumental onenaren Goya saria.
-
80 egunean (Garaño eta Goenaga, Zinemira 2010).
-
Loreak (Garaño eta Goenaga, Sail Ofiziala 2014), film onenaren Goya sarirako izendatua eta Oscar sarietan Espainiaren ordezkari gisa hautatua.
-
Handia (Arregi eta Garaño, 2017), Epaimahaiaren Sari Berezia eta Irizar Saria Donostian. Ondoren, 10 Goya sari jaso zituen.
-
La trinchera infinita (Arregi, Garaño eta Goenaga, 2019), zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra, gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria, Irizar Saria eta FIPRESCI Saria Donostian. Hilabete batzuk beranduago, 2 Goya sari eskuratu zituen.
Azaroaren 8an estreinatuko da filma ohiko zinema aretoetan. Hala ere, datorren astean Azkuna zentroak, Bilbon, Donostiako Zinemaldian ikusitako hainbat filmekin ziklo berezia antolatu du, eta, bertan, Marco ikusteko aukera izango da.
Marco filmak, Venezian hasi eta Donostian jarraitu duen ibilbidea, luzea izan dadila!