Viaje al cuarto de una madre lanaren ondoren, Celia Rico Cavellinok amatasunari buruzko beste kontakizun bat eraiki du Los pequeños amores lanean. Amatasuna eta alabatasuna ditu ardatz zuzendariaren bigarren film luzeak. María Vázquez (Matria) eta Adriana Ozores Goya sarietarako izendatuak dira film onetako protagonista nagusiak.
Los pequeños amores lanak emango dio amaiera urtero, irailean, Ongarrik eta Elgoibarko Udalak antolatzen duten zinema-zikloari. Iñaki Agirrek urteetan egin zuen lana gogoratzeko, eskertzeko eta berak irekitako bideari jarraipena emateko modu ezin hobea da Elgoibarko zinemaldia.
SINOPSIA
Teresak oporretarako planak aldatu ditu amari laguntzeko, izan ere, amak istripu bat izan du eta laguntza behar du. Ama-alabek uda itogarria igaroko dute elkarrekin, ados jartzea ez da erraza izango. Hala ere, elkarbizitzak uste baino gehiago astinduko du bien arteko harremana eta elkarrekin une goxoak ere bizi izango dituzte.
ZUZENDARIA
Celia Rico Cavellino, zinema munduan, Pablo Bergerren Blancanieves, Antonio Chavarriasen Dictado edo José Luis Guerínen Guest filmetako talde teknikoetan hasi zen.
2012. urtean, zuzendari gisa, Luisa no está en casa laburmetraia zuzendu zuen eta Malaga eta Valladolideko zinemaldietan erakutsi zuten. Quatretondeta filmean gidoilari gisa parte hartu zuen, eta Goya sarietarako izendatu zuten 2017an.
Zuzendari eta gidoilari gisa Viaje al cuarto de una madre filmak gidoi onenaren saria irabazi zuen Gaudi Sarietan eta Almeriako Nazioarteko Zinemaldian. Los pequeños amores lanarekin Epaimahaiaren Sari Bereziaren Zilarrezko Biznaga eskuratu du Malagan aurten.
INFORMAZIOA
Irailak 28, zapatua, 19:00etan eta 22:15etan
Irailak 29, domeka, 19:00etan
Irailak 30, astelehena, 21:00etan
Iraupena: 95´