Donostiako zinemaldiko 70.edizioan 17 euskal ekoizpen aurkeztuko dira eta horietariko bat, Fermin Aio zuzendariaren “Kepa Junkera, berpiztu” film luzea da. Bertan, Junkeraren ibilbidea eta errekuperazio prozesua jasotzen dira ia lau urte luzetako isiltasunari erantzun nahian.
SINOPSIA
2018ko abenduaren 6an, Kepa Junkera eszenatokitik atera zen Ganten (Belgika). Desagertu egin zen, eskusoinua jotzeari utzi zion. Albisteek iktus bat aipatzen zuten, larrialdi-ospitaleratze bat, sendatze-prozesu bat, baina horren ondoren, ezer ez. Trikitixa eta euskal musika herrikoia maila gorenera igo zituen euskal artista izan da. 32 urteko ibilbidean ia disko bat argitaratu zuen urtean, euskal musikari ospetsuenetako bat bihurtu zen eta mundu osoko artistak euskaraz abestera animatu zituen musikari autodidakta, bapatean, ia arrastorik utzi gabe desagertu zen. Gero, urteetako lan gogorra etorri da, errehabilitazio latza mugikortasuna berreskuratzeko, hitz egiten ikasteko, eskuak mugitzeko, burua biratzeko, jateko, bizitzen jarraitzeko. Izan ere, Kepak bizitzen eta sortzen jarraitzen du, artea, musika, poesia, pintura eta argazkigintzarekin hunkitzen. Emozio horren kontakizuna egiten du dokumentalak.
Musikariaren ibilbide artistikoa errepasatu, eta haren errehabilitazio prozesua jaso du filmak. Bertan, familia kideen elkarrizketez gain, trikitilariarekin elkarlanean aritu diren zenbait artista ikusiko ditugu: Ara Malikian, Dulce Pontes eta Sorginak, besteak beste. Horrela musikariaren ibilbidea eta egunerokoa erakutsiko dizkigu filmak.
FERMIN AIO ZUZENDARIA
Fermin Aio zuzendaria ETBko Elkartasunaren bideak saiokoko (1998-2009) zuzendaria eta errealizadorea izan zen. Zenbait dokumental ere zuzendu ditu: Reconciliación (2014); El reencuentro (2014), biktima baten eta ETAko bi kide ohiren arteko topaketari buruzkoa; Ongietorri (2017), Euskadiko errefuxiatu eta migratzaileei buruzkoa; eta Margarita Alexandre, una cineasta en la revolución (2017), Zinebin aurkeztu zuen lana eta Malagako eta Habanako zinemaldietarako ere aukeratu zuten.
Donostiako zinemaldian estreinatuko den filma udazkenean iritsiko da zinema aretoetara. Bertan agertzen diren musikariek dioten bezala, hemendik ere onena opa diogu Kepa Junkerari.
FILMEKO IRUDIAK