Abian da Seminciren 67. edizioa

Erabiltzailearen aurpegia Butaka Gorria 2022ko urr. 25a, 14:32

Paco Leon eta Leonor Watling protagonistatzat dituen “No mires a los ojos” filmak inauguratu du Seminci, Valladolideko Nazioarteko zinema astearen aurtengo edizioa.

Juan Jose Millas idazleak 2016an argitaratutako “Desde la sombra” liburuan oinarritu du Felix Viscarret zuzendariak bere azken lana. Millasek, filmaren protagonistekin batera larunbatean egindako agerraldian esan zuenez, filmak “lana hobetu” du.

Viscarretek esperientzia du literatura lanetatik abiatutako filmak zuzentzen. Bere aurreko lana, “Patria” telesaila, Fernado Arambururen liburuan oinarrituta zegoen eta autore beraren “El trompetista del Utopía” izan zen “Bajo las estrellas” (2007) bere lehen luzemetraiaren abiapuntu.

 Sinopsia
Filmak Damianen (Paco León) istorioa kontatzen du, hogei urte enpresan lanean aritu ostean kaleratu egiten dute arotza. Bortizki, amorruz beterik lantegitik irten eta ihes egingo du. Nagusiarengandik ezkutatu nahirik kamioi batean kargatutako armairu batean sartuko da. Armairua Damian barruan dagoela garraiatuko dute eta hala iritsiko da Luciaren (Leonor Watling) eta Federen (Àlex Brandemühl) etxera. Bikotea Maria (María Romanillos), bere alaba nerabearekin bizi da. Hortik abiatuko da Viscarreten azken filma eta Millasen unibertsoan murgilduko gaitu.
Iñaki Gabilondo kazetariaren partaidetza da filmaren sorpresetako bat.

2022 10 25 butaka gorria mankomunitatea seminci Felix Viscarret                                                                                      FELIX VISCARRET, ZUZENDARIA
                                                                                       Iturria: Seminci

Bajo las estrellas (2007) izan zen Félix Viscarreten lehen luzemetraia eta kritikaren nahiz ikus-entzuleen txaloak jaso zituen. Filmak gizonezko antzezle onenaren eta egokitutako gidoi onenaren Goya sariak jaso zituen, Malagako zinema-jaialdia irabazteaz gain. Aurrez, Viscarretek mundu osoko zinema-jaialdietan saritutako zenbait film labur zuzendu zituen: Soñadores, Canciones de invierno eta El álbum blanco, esaterako. 2016an, Leonardo Paduraren testuetan oinarritutako bi lan estreinatu zituen Donostia Zinemaldian: Cuatro estaciones en La Habana telesaila eta Vientos de La Habana filma. Urtebete beranduago, Saura(s) dokumentala aurkeztu zuen Zabaltegin. 2019an, Pablo Trapero zuzendari argentinarrarekin batera, Fernando Arambururen Patria eleberrian oinarritutako telebistako bertsioa zuzendu zuen.
FILMAREN TRAILERA

“No mires a los ojos filma” azaroaren 4an estreinatuko dute ohiko zinema aretoetan.