POR LA PISTA VACÍA
Gaur, aste honetan ikusi ahal diren laburmetrai batzuk izango ditugu aztergai. Horietako bat Bruna Cusí (Estiu, 1993) protagonistatzat duen Por la pista vacía (2022) lana da.
Anak audio-mezu bat grabatu du aspaldiko lagun batentzat. Zalantza. Zer komeni da gogoratzea? Zer ahaztu behar da? Zer hitz erabili zauri zaharrak ixteko? Batzuetan, harriduraren, adiskidetasunaren, maitasunaren eta gorrotoaren arteko mugak nahasten dira guregan. Gorroto dugula esan dezakegu, eta, handik gutxira, maite dugula eta bi aldiz zintzo izaten ari garela. Film labur honek hori erakutsi nahi du: sentimenduen nahasketa, kontraesana.
Pablo Garcíak zuzendutako laburmetraia gomendagarria da. Toki bakarrean eta aktore bakarrarekin errodaturiko lanak interesa pizten du, hitzak protagonismo handia dute bertan. Laburmetraia honek sail ofizialean lehiatzen du.
ICE MERCHANTS
Ice merchants (Izotz-salgaiak) animaziozko laburmetraiaren irudiek segituan bereganatu zuten nire arreta. João Gonzalezek zuzendutako filmak aita eta seme baten egunerokotasunean murgiltzen gaitu. Izoztutako pareta batean dagoen etxean bizi dira eta egunero, jausgailuz irteten dira etxetik. Altuera zorabiagarria da eta filmak hori ondo helarazten du. Etxetik salto eginez irten eta ibarraren ondoan dagoen herrira joaten dira sortzen duten izotza saltzera. Cannesko Kritika astean saritutako filma da.
Kayak animaziozko beste film bat da eta Miniminci sailean dago ikusgai. Valladolideko zinema-jaialdiko Miniminci saila haurrei zuzendutako atala da. Aurten, pandemiaren ostean, haurrek zinema aretoetara bueltatzeko aukera izan dute eta txikitatik zinemaren bidez, ikusentzunezko begirada lantzeko aukera eman zaie.
Kaiak laburmetraiak aita-semeek ibaira egiten duten irteera bat kontatzen digu irudien bidez. Kayakean egingo duten bidaia benetako abentura bihurtuko da.
Egun hauetan ikusgai dauden hiru film besterik ez dira aipatu berri ditugunak.
Ikusle gisa Semincik laburmetraiei egiten dien tartea eskertzen da eta bi film saio berean ikusteko aukera ohiko aretoetara hedatzea ideia ona izan liteke.