Donostiakoaren bezperan, Iñaki Agirre zikloa

Erabiltzailearen aurpegia Butaka Gorria 2023ko ira. 19a, 08:50

Donostiako Zinemaldiaren 71. edizioaren bezperan hasiko da Elgoibarren Iñaki Agirre zikloa. 'Los reyes del mundo', Donostian iaz urrezko maskorra irabazi zuen film kolonbiarrak emango dio hasiera ostegunean zikloari. 

Iritsi da irailaren amaiera, eta horrekin batera, Ongarrik egiten digun Iñaki Agirre zinema zikloaren proposamena. Ziklo honek nazioarteko zinemaldietan ikusitako film arrakastatsuenetako batzuk proposatzen dizkigu, urtero, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiarekin bat eginez. Iaz “Los reyes del mundo” film kolonbiarrak eskuratu zuen Donostian urrezko maskorra, sari nagusia, eta hori da aurten Ongarri zineklubaren lehen aukera. Larunbatean, Canneseko errealizadoreen hamabostaldian aurkeztutako “Scarlet-en” txanda izango da. Hilak 28an, ostegunean, Donostiara Cannesko zinemalditik iritsitako “Tori eta Lokita” pelikula izango da ikusgai, Dardenne anaien lana. Eta azkenik Berlinalen estreinatu eta Malagako zinema jaialdian saritutako “Matria” izango dira ikusgai. 

2023 09 19 LosReyesdel mundo1

LOS REYES DEL MUNDO

SINOPSIA

Egun batean gizon guztiak lo geratu eta Lurraren ertzak erre egin ziren. Los reyes del mundo desobedientziari, adiskidetasunari eta erresistentzian existitzen den duintasunari buruzko filma da. Rá, Culebro, Sere, Winny eta Nano Medellingo bost kale-mutil dira, legerik eta familiarik gabe bizi dira. Klan basati eta maitagarri baten bidez kontatutako ipuin subertsiboa da. Bidaia bat ezerezera, den-dena gertatzen den lekura.

ZUZENDARIA: LAURA MORA

LAURA MORA

Zuzendari kolonbiarra ez da berria Donostian. 2017an Kutxabank-New Directors Sailean aipamen berezia jaso zuen “Matar a Jesús” bere lehen film luzearekin. Ondoren, 20 sari baino gehiago eskuratu zituen beste hainbat jaialditan. Los reyes del mundo, bere bigarren film luzea da.

Melbournen, RMITn, zinema-zuzendaritza eta -ekoizpena ikasi ondoren, Laura Morak, West (2004), Brotherhood (2007) eta Salomé (2011) film laburrak idatzi eta zuzendu zituen. 2012an Escobar, el patrón del mal telesaila zuzendu zuen Carlos Morenorekin, eta 2014an Antes del fuego TV movie-a egin zuen Caracol telebistarako (areto komertzialetan estreinatu zen). Netflixeko Frontera Verde (2019) eta El robo del siglo (2020) serietarako kapituluak ere zuzendu ditu.

ORDUTEGIA

  • Irailak 21, osteguna, 21:00etan
  • Irailak 22, ostirala, 19:00etan
  • Iraupena: 110”

Iazko urrezko maskorra izango da Ongarrik eta Elgoibarko udaleko kultura sailak elkarlanean antolatzen duten zikloaren lehen proposamena, pelikula kolonbiarra, eta ondoren, Italia, Belgika eta Galiziatik datozen filmak izango dira ikusgai. Urtero legez, aukeraketa anitza egin dute Ongarri zineklubeko lagunek: jorratzen dituzten gaiak, tradizio handiko zuzendariak eta berriak, gai sozialak eta fabulak… proposamen bikaina!