Hayao Miyazakik emango dio hasiera gaur Donostia Zinemaldiaren 71. edizioari

Erabiltzailearen aurpegia Butaka Gorria 2023ko ira. 22a, 08:51

Inaugurazio galan Miyazakik birtualki Donostia saria jaso ondoren emango dute “The boy and the heron” filma. 

 

Miyazakiren azken lana Torontoko zinema-jaialdian estreinatu zen eta handik zuzenean etorri da Donostiara. Europa mailako estreinaldia gaur egingo da Kursaal aretoan. Animaziozko filma sail ofizialaren barruan dago baina lehiaketaz kanpo.

SINOPSIA
Amaren falta sumatzen duen Mahito izeneko gazte bat bizidunek eta hildakoek partekatzen duten mundu batean murgilduko da. Hayao Miyazakiren azken lana fantasia erdi-autobiografikoa da. Jorratzen dituen gaiak bizitza, heriotza eta sormena dira. Film honen helburua adiskidetasunaz hitz egitea da.

2023 09 22 butaka2Fotograma

ZUZENDARIA: HAYAO MIYAZAKI
Toei eta Nippon Animation konpainietarako lan egin ondoren, Hayao Miyazakik (Tokio, 1941) Studio Ghibli sortu zuen Isao Takahatarekin. Lan esanguratsuenak honakoak dira:
• Tonari no Totoro / My Neighbour Totoro (1988)
• Kurenai no buta / Porco Rosso, (1992)
• Mononoke hime / Princess Mononoke (1997)
• Sen to Chihiro no kamikakushi / Chihiroren bidaia (2001) Film hau Donostian ikusteko aukera izan zen, Belodromoan, 2001ean. Lanak Berlinaleko Urrezko Hartza eta animaziozko film onenaren Oscar saria irabazi zituen urte hartan.
• Hauru no ugoku shiro filmarekin / Howl's Moving Castle (2004) Oscarretarako izendatu zuten berriz, lorpen teknikoengatik sari bat jasotzeaz gain Venezian. Mostran Urrezko Lehoi bat ere eman zioten ibilbide osoagatik 2005ean.
• Gake no ue no Ponyo (Ponyo, Belodromoa, 2009) eta Kaze tachinu (The Wind Rises, Perlak, 2013; Oscarretarako izendatua) zuzendu zituen ondoren.
Animaziozko zinean lan handia egindakoa da zuzendari japoniarra baina horrez gain, idatzi, marraztu eta eraikinak diseinatzen ditu. Donostian bere filmak programatzen dituzten laugarren aldia da aurtengoa.