ELA sindikatutik jakinarazi dute duela urtebete inguru hasi zutela egoera hori konpontzeko azken saiakera, baina Udalak ez diela kasurik egin. Gogorarazi dute azken bi urteak bereziak izan direla eta Espainiako Gobernuak etxealdira behartu gintuenean, brigadako beharginak “langile esentzialak” izan zirela, eta baldintza gogor haietan ahal zuten lanik onena egiten saiatu zirela. “Momentu hartan beste langile publiko asko bezala, Elgoibarrek zituen beharrei aurre egiten eta zerbitzu publikoa ematen saiatu ziren; herriko zerbitzuaz, adinekoen egoitzetako konponketak eta bestelako urgentziekin beti bezala arduratuz”. ELAtik diote Udalak berak ere sekula ez duela ukatu brigadako langileek arrazoia dutela: “Egindako bilera guztietan Udalaren aldetik inork ez du esan langile hauek arrazoia ez dutenik. Udalak egindako txostenetan ere argi azaltzen da arazo honen onarpena”. Horren harira esan dute inguruko udaletako brigadetako langileen baldintzak Elgoibarkoenak baino hobeak direla. Udalaren jokaerari “ulertezina” iritzi dio ELAk, eta luzamendutan aritzea egotzi dio. Aipatu dute abuztuan batzar batera deitu zituela lan ikuskaritzak, eta ikuskariak langileen alde egiteaz gainera arazoa konpontzeko eskatu ziola Ane Beitia alkateari.
Sindikatutik nabarmendu dute urriaren 25ean izango dela epaiketa, aurrez Udalak konponbidea ematen ez badu. “Lotsagarria da egoera bera eta langileak honaino ailegatu behar izatea”. Nabarmendu dute mobilizazioak egingo dituztela, harik eta langileen lan baldintzak hobetu arte. Zapatuan pankarta eskegi zuten King Kongeko zubian.
• EHBilduk babesa agertu die langileei
Gai honen harira, EHBildutik kezka agertu dute, prentsa-ohar bidez. Salatu dutenez urtebete da pertsonal bururik gabe daudela Udalean. “Aurten jakin dugu brigadako langileak oso haserre daudela Udalarekin eta salaketa jarri dutela epaitegian beren lanpostuen xehetasunak Lanpostuen Zerrendan jasotzen ez direlako”. Prentsa-oharrean jaso dute irailean jakin zutela oraindik brigadarekin bilerarik ez dela egin. “Brigadak jarritako salaketaren harira, hasiera batean irailak 13rako deitua zegoen epaiketa, arrazoi ezberdinengatik atzeratu egin da, eta oso larria iruditzen zaigu langileek Udala epaitegira eraman izana, eta Udalean ordezkaritza daukagun eta gobernuan ez gauden alderdiok ezer ez jakitea, langileek beraiek esan arte”. Bildutik “babes osoa” agertu diete Elgoibarko brigadako langileei.