Hamasei proiekturen artean gogokoenei botoa emateko aukera izango dute herritarrek 2021eko aurrekontu partehartzaileen bigarren fasean

Barren.eus 2021ko api. 12a, 14:13

Partaidetza bidezko aurrekontuetako bigarren fasea abian da, eta herritarrek hamasei proiekturen artean gogokoenari botoa emateko aukera izango dute orain, apirilaren 25era bitartean. Elgoibarko Udalak bost proiektu bozkatuenak gauzatuko ditu.

Elgoibarko Udalak 2021eko Udal Aurrekontuak osatzeko prozesu parte hartzailearen lehen fasea jarri zuen martxan joan den azaroan, hirugarren urtez jarrian. Aurreko bi ekitaldietan moduan, 200.000 euro bideratuko ditu aukeratzen diren proiektuak egiteko. Lehen fasean proiektuak aurkezteko aukera izan dute herritarrek, eta Udaletik jakinarazi dutenez, 231 proposamen aurkeztu dituzte ehun herritarrek. Aurkeztu diren proposamenek iragazki tekniko bat gainditu dute bigarren fasera igarotzeko, eta hamasei proiektuk lortu dute hori. Horietatik bost gauzatuko ditu Udalak, boto gehien jasotzen dituzten bost proiektuak, hain zuzen ere.

Honakoak dira lehenetsitako proiektuak, eta horiek gauzatzeko Udalak eginiko aurrekontua:

  1. Udalerriko eserlekuak eta lorategiak berritzea. 18.500 €
  2. Udalerriko barandak pintatzea eta egokitzea. 18.500 €
  3. Santa Ana - San Roke arteko tunelaren pareta pintatzea. 48.000 €
  4. Santa Ana kaleko aparkalekua zolatzea. 115.000 €
  5. Herri Eskolaren eta Urazandi kalearen arteko bidea hobetzea. 50.000 €
  6. Santa Klarako kantxa berriz zolatzea. 75.000 €
  7. Mendi ibilbideak sortzea eta hobetzea. 18.500 €
  8. Anbulatorioaren eta Kiroldegiaren arteko egurrezko zubian zoladura aldatzea. 60.000€
  9. Arregitorreko pasealekua hobetzea (pista arrosa). 65.000 €
  10. Txakurren aisiarako eremua sortzea. 24.000 €
  11. Skate Parkeko ingurunea eraberritzea, harmailak sortuz, tirolina bat jarriz... 60.000 €
  12. Basarteko tenis pista eraberritzea. 28.000 €
  13. Giza Eskubideen parkeko haur-parkearen estalkia egitea. 40.000 €
  14. Haurrentzako parkea sortzea Pedro Mugurutza 8an. 50.000 €
  15. Bide publikoan tratamendu ez-labaingarriak aplikatzea. 18.500 €
  16. Santa Ana kaleko sarrerako fatxadan horma-irudia egiteko ideien-lehiaketa antolatzea. 30.000 €

 2021 04 12 aurrekontu parte hartzaileak elgoibar santa ana horma

Herritarrek apirilaren 25era bitartean eman ahal izango dituzte botoak. Bi era jarri ditu aukeran Udalak:
Aurrez-aurre
   • Hautestontziak: Aita Agirreren sarrera, Jubilatuen Biltokia, Herritarrentzako Arreta Bulegoa, Olaizaga kiroldegia eta Merkatu Plaza. Etxeetara banatutako eskuorria beteta bertan entregatu behar da.
   • Karpa ezarriko da Kalegoen plazan: apirilak 14 eta 15. 11:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 18:30era.
Online ere aukera egongo da udalaren webgunean: www.elgoibar.eus
Informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, hitzaldi informatiboa antolatu dute apirilaren 13rako. Aita Agirre Kulturguneko areto nagusian izango da, 19:00etan. Online ere eskura daiteke informazioa www.elgoibar.eus-en.

Berrikuntza bat izan du aurten partaidetza bidezko aurrekontu prozesu honek. Parte hartzeko lehen fasea gauzatu eta gero, bereizita jaso dituzte Elgoibarrerako "proiektu orokorrak, batetik, eta eremu sakabanatuenak edo landa-eremuak aipatzen zituzten proiektuak, bestetik. "Biztanle gutxien dituen eremu hori ere prozesuan islatu dadin, eremu horren inguruan jasotako proposamenei lotutako proiektuak zuzenean egingo dira, bozketa-fasetik igaro gabe", azaldu dute Udaletik. Hala, pardaidetza bidezko aurrekontuen prozesutik 20.000 euroko diru partida bat gordeko dute auzo-bideak asfaltatzeko, inausteko eta hobetzeko eta egokitzeko.

∞Lotura duten albisteak: