Aurrekontuak osatzeko prozesu parte hartzailea hasiko du Udalak hirugarren urtez

Barren.eus 2020ko aza. 12a, 13:38

Herritarrek udal kudeaketan "ahotsa" izan dezaten eta beraien lehentasunak "errealitate" bihurtu daitezen, prozesu partehartzaile berri bati ekingo dio Elgoibarko Udalak. 200.000 euro bideratuko ditu herritarren proposamenak gauzatzeko. Bihar hasiko den lehen fasean proiektuak aurkezteko aukera izango dute herritarrek.

Elgoibarko Udalak 2021eko Udal Aurrekontuak osatzeko prozesu parte hartzaileileari ekingo dio bihar, hirugarren urtez jarrian. Aurreko bi ekitaldietan moduan, 200.000 euro bideratuko ditu aukeratzen diren proiektuak egiteko. Ekimen honen bidez herritarren inplikazioa bilatu nahi dutela azaldu dute udal arduradunek, "elgoibartarrek hitza eta presentzia" izan dezaten 2021eko udal aurrekontuetan. Aurten, Covid-19ak sortutako egoeraren ondorioz, 2021eko udal aurrekontuak murriztu egin direla aurreratu dute udal arduradunek, eta, horregatik, "inoiz baino gehiago, Elgoibarko Udalak herritarren lehentasunak eta beharrak zeintzuk diren jakin nahi dugu", adierazi du Ane Beitia alkateak.

 • Proposamenak egiteko moduak eta bideak

Prozesua bi fasetan gauzatuko da: proiektuak aurkeztea (1. fasea) eta aukeratutako proiektuak lehenestea (2. fasea). Elgoibarren erroldatuta dauden pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute. Bihar irekiko dute proposamenak egiteko epea eta abenduaren 29ra arte egongo da zabalik. Proposamenak aurrez aurre egiteko bi modu egongo dira: Formulario bat bete -PDF- eta azoka plazan jarriko duten hautestontzian botata, edo Kalegoen plazan azaroaren 18an eta 19an jarriko duten karpan (11:00 -13:30 / 16:00 -18:30etara). Online bidez parte hartzeko, berriz, www.elgoibar.eus web orrialdean, Udalaren sare sozialetan edota QR kode baten bidez egin daiteke.
Lehenengo fase honetan aurkezten diren proposamenek iragazki tekniko bat gainditu beharko dute bigarren fasera igarotzeko. Beste batzuen artean honako baldintzak bete beharko dituzte:

  • Udal eskumenekoak diren proposamenak izan beharko dira.
  • Teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak eta ekonomikoki eta finantzarioki jasangarriak.
  • Interes orokorra eta guztion ongizatea lehenesten dutenak.
  • Zerbitzu-proposamenen kasuan, 40.000 eurotik (+BEZ) eta 15.000 eurotik (+BEZ) gorako kostua ez duten obrak.

 • Proposamenak hiru jarduera-arlotan
Berritasun modura, proposamenak hiru jarduera-arlotan bilduko dituzte aurtengoan, prozesua udalerriko txoko guztietara irits dadin eta txoko guztietan islatzen laguntzeko.

  1. Udalerri osoan eragina duten obrekin lotutako proposamenak.
  2. Euskararekin, kulturarekin, haurrekin, gazteekin, kirolarekin, berdintasunarekin, gizartezerbitzuekin, sustapen ekonomikoarekin, enpleguarekin, ingurumenarekin edo segurtasunarekin lotutako proposamenak.
  3. Urrunen dauden auzoei, baserri auzoei loturiko proposamenak.

Txomin Mujikak herritarrak botoa ematera animatzen dituen bideoa ere zabaldu du Udalak:

 

∞Lotura duten albisteak: