Joan den ekainaren 15ean Elgoibarko Udalbatza eratu ostean, legegintzaldi berriko estreinako ezhokiko udalbatzarra egin zuten, astelehenean.
Elgoibarko Udaleko batzordeak eta sailetako arduradunak izendatu zituzten. Elgoibarko Udaleko Gobernu-batzordea alkateak eta bost zinegotzik osatuko dute: Ane Beitia (EAJ), Iosu Arraiz (EAJ), Maialen Gurrutxaga (EAJ), Jon Peli Uriguen (EH Bildu), Fernando Suarez (PSE) eta Evaristo Rodriguez (Elkarrekin-Podemos).
Joan den agintaldian lau batzorde informatibo zituen Udalak, baina agintaldi berrian hiru batzorderekin funtzionatuko du: antolakuntza, lurraldetasuna eta herritartasuna. Batzorde horietan jorratuko dira Udaleko gairik garrantzitsuenak. Hona batzorde bakoitzean ariko diren zinegotziak eta ardurak:
- Antolaketa: Andrea Arriola (EAJ-PNV) izango da presidentea. Ogasuna eta Artekaritza, Langileria, Partaidetza eta Gardentasuna, eta Sustapen Ekonomikoa eta Enplegu sailek osatuko dute. Atsegiñe Uzuriaga (EAJ-PNV) izango da Ogasun eta Artekaritza eta Sustapen Ekonomikoa eta Enplegua sailetako zinegotzi arduraduna. Fernando Suarezek (PSE-EE) Langileria saila eramango du eta Andrea Arriolak (EAJ-PNV) Partaidetza eta Gardentasuna.
- Herritartasuna: Blanca Larrañaga (EAJ-PNV) presidentea. Batzorde hau Ongizate sailak (Blanca arduradun nagusia izanik), Haur eta gazteria, Euskara eta Berdintasun sailek (Maialen Gurrutxaga, EAJ-PNV) eta Kultura sailak (Andrea Arriola, EAJ-PNV) osatzen dute.
- Lurraldea: Iosu Arraiz (EAJ-PNV) presidentea, era berean, Hirigintza saileko zinegotzi arduraduna ere izango da. Batzorde honetan sartzen da baita Landa Garapen saila, Iñigo Loyola (EAJ-PNV) buru izango duelarik.
Hona hemen arlo edo sailetako arduradunak:
- Haur eta gazteen sustapena: Maialen Gurrutxaga
- Berdintasuna: Maialen Gurrutxaga
- Euskara: Maialen Gurrutxaga
- Ogasuna: Atsegiñe Uzuriaga
- Ekonomia: Atsegiñe Uzuriaga
- Parte hartze eta gardentasuna: Andrea Arriola
- Landa ingurua: Iñigo Loiola
- Pertsonal arloa: Fernando Suarez
• Soldatak eta liberazioak
Datorren legealdian Elgoibarko Udalak hiru liberatu izango ditu lehenengo aldiz: alkatea eta hirigintza burua EAJ-tik eta, oposizioan EHBilduko zinegotzi bat, Jon Peli Uriguen. Liberazio horiek onartzeaz gainera, alkatearen eta zinegotzien soldatak ere onartu zituzten plenoan.
- Elgoibarko alkate Ane Beitiak 71.199,80 euroko soldata gordina jasoko du urtean (67.087,03 eurokoa soldata onartu zuten aurreko legegintzaldian). Josu Arraiz alkateordeak, berriz, alkatearen soldata baino %10 gutxiago jasoko du: 64.079,82 euro urtean (60.378,33 eurokoa izan da aurreko agintaldian). EH Bilduko bozeramaile Jon Peli Uriguenek, lehenengo alkateordeari dagokion soldata jasoko du, %10a murriztuta, hau da: 57.671,84 euroko soldata gordina jasoko du urtean.
- Antolakuntza batzordeko buruak (Andrea Arriola) %15eko dedikazioa izango du eta 10.679,97 euro jasoko ditu urtean.
- Herritartasuna batzordeko buruak (Blanca Larrañaga) %15eko dedikazioa izango du eta 10.679,97 euro jasoko ditu urtean.
- PSE-EE Udal Taldeko bozeramaile Fernando Suarezek %10eko dedikazioa izango du eta 7.119,98 euro jasoko ditu urtean.
- Elkarrekin-Podemos taldeko bozeramaile Evaristo Rodriguezek %10eko dedikazioa izango du eta 7.119,98 euro jasoko ditu urtean.
Arduraldi esklusiborik edo partzialik ez duten zinegotziek honako ordainsariak jasoko dituzte Osoko Bilkurak, Tokiko Gobernu Batzarrak, Bozeramaileen Batzordeak, Udal Kirol Patronatuko Zuzendaritza Batzordeak eta Batzorde Informatzaileek egingo dituzten bilera bakoitzera joateagatik (*gehienez ere, 800 euroko muga ezartzen da zinegotzi bakoitzeko eta hileko).
- Plenoetara joateagatik: 150 euro (finkoa). 80 euro (aldakorra), betetzen den Arlo delegatu bakoitzeko.
- Batzorde informatzaileak: 100 euro (finkoa) eta 60 euro (aldakorra), betetzen den Arlo delegatu bakoitzeko.
- Tokiko Gonernu Batzarrak: 100 euro
- Bozeramaileen Batzordea: 100 euro.
- Udal Kirol Patronatuko Zuzendaritza Batzordeak: 150 euro (batzordeburuak, 125 euro (batzordeburuordeak) eta 100 euro (batzordekideek)
- Udal talde bakoitzak 600 euro jasoko ditu hileko eta zinegotzi bakoitzak 180 euro hilean.
Organo Kolegiatuen Korporaziozko ordezkariei dagokionez, horrela geratuko litzateke:
- Deba Beheko Industrialdea, Ane Beitia (EAJ-PNV)
- Gipuzkoako Ur Partzuergoa, Iosu Arraiz (EAJ-PNV)
- IMH eta Makina Erremintaren Museoa, Ane Beitia (EAJ-PNV)
- EUDEL, Ane Beitia (EAJ-PNV)
- Debabarrenako Mankomunitatea eta BADESA, Iosu Arraiz (EAJ-PNV), Iñigo Loyola (EAJ-PNV) eta Fernando Suárez (PSE-EE)
- Debabe, Udal Euskaltegien Mankomunitatea Maialen Gurrutxaga (EAJ-PNV)
- Debemen. Landa Garapeneko Elkartea, Iñigo Loyola (EAJ-PNV)
- Udaleko Eskola-Kontseilua, Ane Beitia (EAJ-PNV)
- Haurreskolak Partzuergoa, Ane Beitia (EAJ-PNV)
- Gorka Garaizabal (EAJ-PNV) zinegotzia izango da Udal Kirol Patronatuko presidentea eta legealdi honetako plenoen aldizkakotasunari dagokionez.