Behin behineko herritarren arreta bulegoa Kultur Etxean eta Udaltzaingo aurrean kokatuko dute abenduaren 4tik aurrera

Barren.eus 2017ko aza. 2a, 09:53

Elgoibarko Udalak Herritarren Arretarako bulegoa berrituko du, herritarrei zerbitzu integrala emateko asmoz. Abenduaren 4an hasiko dituzte lanak. Obrak iraun bitartean kontu hartzailetza zerbitzua Udaltzaingoaren parean dagoen plazara lekualdatuko dute, eta herritarrentzako arreta zerbitzua, berriz, Kultur Etxeko erakusketa gelara. Proiektuaren aurrekontua 230.313,37 eurokoa da (BEZ gabe).

Udaleko zerbitzuen eskuragarritasuna bermatzeko eta herritarren arteko hartu-emana gero eta estuagoa izateko helburuarekin, Elgoibarko Udalak, laster hasiko ditu Herritarren Arreta Zerbitzu Integral (HAZ) berriaren obrak. Gune berriari esker herritarrek formalizatu beharreko kudeaketa eta izapide guztiak toki bakar batean zentralizatu ahal izango dira. Proiektuaren exekuzioaren aurrekontua 230.313,37 eurokoa da (BEZ gabe) eta lanen adjudikazioa hurrengo asteetan erabakiko da. Halaber, zerbitzu berria 2018ko Aste Santua baino lehen martxan egotea aurreikusten da. 

Arreta bulego berriaren obrak iraun bitartean, kontu-hartzailetza saila eta arreta zerbitzua lekuz aldatuko dituzte. Horrela, abenduaren 4tik aurrera eta obrak bukatu arte, kontu hartzailetza zerbitzua Udaltzaingoa eta kultur etxearen artean dagoen plazara lekualdatuko dute, eta arreta zerbitzua, aldiz, Kultur Etxeko erakusketa gelara. Lanak bukatutakoan Herritarren Arretarako Zerbitzua Santa Ana kalean kokatuko da, behin betiko, eta sarbidea, Santa Ana kaletik izango du. Aipatu behar da, bestalde, Gizarte Zerbitzuen Saila ere bulego berri honetan kokatuko dutela. Ondorengo hauek izango dira Herritarren Arretarako Bulegoak eskainiko dituen zerbitzuak: 

  • Sarrera eta irteera erregistro orokorra.
  • Udaleko prozedura eta zerbitzuei buruzko informazioa eta kudeaketa.
  • Diru-laguntza guztiak bertotik tramitatuko dira, aurrez aurre. Telematikoki egiten ere lagunduko da.
  • Kexak, iradokizunak, eskerrak jasotzea.
  • Teknikariekin hitzorduak ematea eta kudeatzea.
  • Udalak bultzatzen dituen kanpaina guztien inguruko informazioa eta tramitazioa.
  • Udal zerbitzuen eta udalerriko informazio orokorra.
  • Tramiteak elektronikoki egiteko laguntza.

elgoibar udala arreta bulegoa