Aitziber Aranberri: “Elgoibarrek hobetzeko aukerak dituela sinisten dudalako onartu nuen alkategai izateko proposamena”

Barren.eus 2023ko mai. 19a, 08:30

2021ean hartu zuen Aitziber Aranberrik Elgoibarko EH Bilduko bozeramaile kargua Jon Peli Uriguenen ordez, eta ordutik bera da koalizioko burua.

2023ko udal hauteskundeetarako Aranberri bera aukeratu zuen alkategai izateko EH Bilduren oinarriak eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko hautagai "sendoa eta ezin hobea" zela esan zuten. Aranberrik dio "ilusioz eta arduraz" hartu duela kargua.

Zerk bultzatu zaitu hautagaitzari baietza ematera?
Arrakalak ixteko eta paperean ditugun eskubide horiek lortzeko aukera bezala ulertzen dut politika, eta aldebakarreko edo inposatutako erabakiak hartu beharrean, lankidetza eta zuzeneko harremanen aldekoa naiz. Elgoibarrek hobetzeko aukerak dituela sinisten dudalako onartu nuen proposamena. Konformismoak eta etsipenak aukera berrietatik urruntzen gaitu. Sentitzen dudanaren alde borrokatzen jarraitzeak bizirik sentiarazten nau. Belaunaldi berriak herri honetaz harro sentitzea eta inguruan dutenaren parte sentitzea nahi nuke.

Zergatik eman beharko genizuke botoa?
Niri ez, talde zabal eta sendo bati emango zaio botoa, izan ere EH Bilduren proiektu politikoa hauteskunde emaitza on batzuek eskuratzetik harago doa. Azken legealdi honek agerian utzi ditu Elgoibarrek dituen beharrak, eta horiei aurre egiteko moduak. Hobetzeko garaia da. Guk herri kohesioa eta guztiontzat herri atseginagoa lortzea dugu helburu. Herritar eta eragile desberdinen arteko lankidetza ezinbestekoa izango da ditugun erronkei erantzuteko eta partaidetza izango da hartuko diren erabakien oinarrietako bat.

Zure alderdiak duela lau urte hainbat proiektu aurkeztu zituen legegintzaldi honetan egiteko. Errepasoa eginda, zein mailatan bete dira?
EH Bilduk Udalean aurkeztu dituen proiektu eta proposamenak herritarrek egindako eskarietan oinarritutakoak izan dira, eta horien bideragarritasuna aztertzeko zilegitasun osoa izan arren, gehienak baztertu egin dira edo partzialki jarri dira martxan. Mintxeta eta Santa Klarako proiektuak, pandemia garaiko dirulaguntzak, herribusa, lur publikoen erosketa edo hainbat auzo eta espazioren irisgarritasuna hobetzeko proposamenak, adibidez. Hala ere, udalbatzarrak zuzenean jarraitzeko streaminga jarri izana, Toletxe kaleari izena aldatzea, bertso eskola edo kirol txartelen lagapena modu positiboan baloratzen ditut.

Zeintzuk dira Elgoibarrek dituen hiru gabezia handienak, eta, kontrara, zein indargune ditu?
Udala eta herritarren arteko urruntasunak eta aldebakarrez hartutako erabakiek udal politikarekiko eta ordezkarienganako konfi antza galtzea ekarri dute. Trantsizio energetikoa, aldaketa klimatikoa eta herritarren ongizatea uztartuko dituen plan orokor baten falta agerikoa da. Oinarrizko eskubideekin lotutako zerbitzuak mugatu izanak edo pribatizaziorako joerak herritar guztien ongizatean dute eragin zuzena, eta galdutakoa berreskuratzea lehentasunezkoa da. Elgoibarren industriak duen garrantzia ere indargunea da. Beraz, esparru desberdinetan eragile desberdinen elkarlana sustatzeak hobea egingo du herri hau.

Zein dira datorren legealdirako dituzuen hiru proiektu garrantzitsuenak?
Deba ibaiaren lehengoratzea eta ibaia gure bizitzan integratzeko paseagarri bihurtzea, Maltzagako bidegorriari jarraipena ematea eta Altzolan egingo dugunarekin lotzea, eta komunitate energetikoak bultzatu eta lur publikoak nabarmen hedatzeko behar diren erosketak egiteaz gain, gure herri hau bizigarri egiteko aldagai desberdinak kontuan hartu behar ditugu.
Gure herritarrei independentzia pertsonala bermatzeko, konpromisoa hartzeaz gain baldintzak ere ezarri behar ditu Udalak. Gazteentzako etxebizitza
laguntzetarako baldintzak erraztu behar dira eta baliabide eta espazio gehiago eman. Zaintzaren alorrean, etxez etxeko zerbitzuaren baldintzak berrikusiko dituen zaintza eredu komunitario batean oinarritutako kooperatiba publiko bat sortuko dugu. Adinekoen egoitza berriaren kudeaketa publikoa izan dadin lan egingo dugu.

‘Euskalgintzan eta kulturgintzan krisian gaude’, zioen Jon Sarasua Euskararen Gogoetagunea egitasmoaren koordinatzaileak. Zer jauzi emateko
prest zaudete euskalduntasunean sakontzeko eta elgoibartarrak komunitate moduan ahalduntzeko? Zer, herri-kohesioa indartzeko?
Legealdi honetan Euskara Sustatzeko Ekintza Plana berritzeko aukeraren aurrean, EH Bildutik egindako proposamenak ez dira kontuan hartu. Euskararen normalizaziorako, herri dinamika osoa indartu behar da. Planteatu ditugun erronken artean, harrera plana, proiektuei neurgailuak ezartzea eta aurrekoak ebaluatzea, euskaltegietan baldintza berberetan ikasteko aukerak bermatzea, eta transmisiorako gako direnekin lanketa garatzea daude. Udal, herritar eta eragile desberdinei baliabide nahikoak eskaini eta Udaletik harago doazen lankidetza esparruak bermatu beharra ikusten dut.

Zer eskaintza dakar zure alderdiak Elgoibar herri abegikorragoa egiteko?
Herritar guztiengan eta etorkizunean pentsatuz kudeatu behar ditugu baliabideak. Gutako bakoitza egoera sozial eta ekonomiko desberdinetatik abiatzen garela kontuan hartuta, errentagarritasun sozialaren balioa kontuan hartu behar dugu, termino ekonomiko hutsetan oinarritu beharrean.
Aberastasunaren banaketaz hitz egiterakoan, egoera zaurgarriago batean dauden pertsonen aukerak errazteak herritar guztion ongizatea hobetuko du. Azken urteetako krisialdien ondorioz zailtasun ekonomikoak dituzten familia unitateen kopuruak gora egin du, eta udal zerga sistemak kontuan hartu behar du errealitate hori, zerga eta hobarietan progresibitatea aplikatuz, errenta maila apalagoa dutenek gutxiago ordain dezaten

Erakundeen eta alderdi politikoen aurkako sumindura, etsipena eta frustrazioa orokortu direla diote ikerketek eta alderdietatik kanpo politika
egiteko hautua zabaltzen ari dela. Zuen posiziotik zer gogoeta egiten duzue honen inguruan?
Gazteen desafekzioa martxan jartzen diren politiketatik etorri daiteke, non askatasun eskubidea mugatzen duten legeak onartzeaz gain, arrakala ekonomikoa areagotzen duten politikak aplikatzen diren. Emantzipazioaren atalean etxebizitza sozialak sortzeari edo alokairuei tope bat jartzeari oztopoak jartzen zaizkienean edo prekarietate baldintzetan lan egitea ahalbidetzen duten neurriak onartzen direnean, normala da politika formaletik urrun sentitzea. Hala ere, kontuan hartu behar dugu orain ditugun eskubide guztiak borroka eta antolatze mugimenduen bitartez lortu ditugula, eta gazteen espazio naturalak bermatzea eta errespetatzea garrantzitsua dela. Herritarren parte-hartzea erraztea ere lagungarria izango da frustrazioa murrizteko.

Pandemiak erakutsi du egoera zaurgarrienetan haurrak eta adin nagusikoak direla ahaztuenak, ez direlako parametro produktibistetan txertatzen. Zer
duzue eskuartean zaurgarriago izan ez daitezen?
Haurrak eta adin nagusikoak produkzio lanetan aritu ez arren, beraien beharrei lotutako zerbitzuak sistema produktiboarekin loturik daude, haien beharrekin beste batzuk negozioa egiten dutelako. Haurren aisaldi eskaintza zaintzara bideratuta dagoela jakinda, erakunde publikoetatik arrakala horiek saihestu behar ditugu. Horretarako haur eta gazteen aurrekontua bikoiztu egingo dugu. Adin nagusikoentzat, ohiko erresidentzia eredutik harago joaten ahaleginduko gara eta gobernatzen ditugun herri batzuetan, adibidez Usurbilen eta Hernanin, egin diren aurrerapausoak eredu izango dira guretzat.

Nola definituko zenuke gazteekin duzuen harremana? Zer duzue haiei eskaintzeko?
Orokorrean prestakuntza handia duten arren, etxebizitzen prezioen eta interesen igoerak eta enplegu prekarioek etxebizitza alokatzea eragozten diete gazteei. Etxebizitza lege berriak ahalbidetuko du udalek ere etxebizitza politiketan sakontzea, egungo eskaintza handitu eta emantzipaziorako aukera berriak gehituz. EH Bildutik gure gazteen protagonismoa biderkatuko dugu, laneratze eta etxebizitza aukeretan laguntzak, orientazio zerbitzuak, kultur eskaintzarako eredu berriak eta kirol instalakuntzen erabilera erraztuz.

Ekonomiaren eta enpleguaren arloetan zertan sakonduko duzue? Zein da zuen proiektu izarra?
Industria arloan Elgoibarrek zuen pisua galduz doa, eta aldiz, gizarte arloko zerbitzuek geroz eta pisu handiagoa dute ekonomian. Baina gizarte arloko lanpostuak prekarizatuak dira kasu askotan. Industria arloan Debabarrena sustatzeko Legebiltzarrean aztertzen ari garen Ponentzian zein Debegesan, industriarentzako zerbitzu aurreratuen sektore bat gure eskualdean ezartzeko plan bat bultzatu dugu, eta udal, hezkuntza, sindikatu eta sektore ekonomiko desberdinetako enpresen arteko beharrak uztartuko dituen foro sozioekonomiko bat sortzea ere nahi dugu.

Bizitzak erdigunen jarri behar direla babestu duzue. Zer ulertzen duzu bizitzak erdigunean jartzearekin?
Eraikinek soilik ez dituzte bermatzen kalitatezko zerbitzuak. 24 orduko anbulatorio zerbitzua gehiegizkoa dela esatea errentagarritasun ekonomikoa pertsonen ongizatearen gainetik jartzea da, eta zahar egoitza berriaren kudeaketa enpresa pribatu bati ematea gure nagusien zaintza beharrak bigarren mailan jartzea. Zaintza kateek eusten diete gure familiei: etxekoandreak, adinekoen zaintzaileak, etxeetako garbitzaileak, familia medikuak… Zaintzaileak gehiago ezin duenean, aurreko guztia erortzen da. Egungo sistema horren eraldaketa herritik eta ikuspegi komunitario batetik hastea proposatzen dugu.

ELKARRIZKETA osorik BARREN astekariko 1286. zenbakian -PDF-

 

2023 05 19 udal hauteskundeak alkategaiei galdera lab BARREN elgoibar