Maialen Gurrutxaga izango da EAJren alkategaia 2023ko udal hauteskundeetan

Barren.eus 2022ko ira. 30a, 12:45

EAJ-PNV alderdiko oinarriek Maialen Gurrutxaga Uranga hautatu dute 2023ko udal hauteskundeetan alkategai izateko.

Elgoibarko EAJtik jakitera eman dutenez, Elgoibarko Uri Batzarrak aho batez onartu zuen, atzo egin zuten batzarrean, Maialen Gurrutxaga Urangaren (Elgoibar, 1992) alkatetzarako hautagaitza.

Maialen Gurrutxaga 2015etik Elgoibarko zinegotzia da, eta 2016tik legebiltzarkidea ere bai Jaurlaritzan. Euskara, gazteria eta berdintasun arduraduna da Elgoibarko Udalean eta EAJren bozeramailea ere bai legegintzaldi honetan. Ikastetei dagokionez, kimikan graduatua da EHUn, eta ikasketak amaitu berritan plastiko teknikoen inguruko enpresa txiki bat sortu zuen lankide batekin.

19 urterekin batu zen EGIra, EAJren gazte erakundera, gizarteko aldaketetan parte hartu nahi zuelako, "iritziak alde batera utzi eta partaidetza aktiboa izatea nuen helburu". "Ezagutzen duzuenok, ezagutzen eta nabarmentzen dituzue bere gaitasunak, ikasteko, bertaratzeko eta entzuteko, behatzeko eta ikusteko, eta baita hurbiltasuna ere", azaldu du Elgoibarko EAJko presidente Alfredo Etxeberriak alkategai berria aurkezteko Batzokian egin duten prentsaurreko agerraldian. Ane Beitia alkateak ere hartu du parte ekitaldian. "Alderdi barruan dugun ohitura da bi legealdiko muga jartzea liberatu moduan aritzen diren alkateei. Ohitura ona dela uste dugu, hautagaiak fresko, indarrarekin eta konpromisoarekin mantentzeko. Hortaz, Ane Beitiaren bi legegintzaldien ostean aldaketa tokatzen da", azaldu du Etxeberriak.

2022 09 30 maialen gurrutxaga alkategaia EAJ aurkezpena
Honela aurkeztu du bere burua EAJren alkategaiak: "Eskertuta nago alderdiari, babes handia eman dit beti eta oraingoan ere eman ahal zidaten babes handiena jaso dut: aho batez hautatu naute alkatetzarako hautagai. Plazer bat da niretzat. Erantzukizuna ere bada, baina ilusio handiarekin hartu dut ardura hori. Politika oso interesgarria begitantzen zait eta izugarri gustatzen zait, gizartearekin harremantzeko eta konektatzeko aukera ematen baitu. Kaleko umea naiz ni, jendearekin egotea gustatzen zait. Uste dut gainera, gaitasuna daukadala adin eta perfil desberdinetako jendearekin harremantzeko. Herriko perfil askotara iristen naizela uste dut. Politikan aritzeko balio erantsi bat dela uste dut, jendearekin egoteko gaitasun hori, euren errealitateak ulertzeko gaitasun hori. Politika bihotzetik lan egiteko aukera ematen duen toki bat da niretzako, gizartea hobetzeko norberak duen ikuspegia emateko eta garatzeko aukera ematen duena. Legebiltzarrean egon izanak beste ikuspuntu bat eman dit politika ulertzeko, baina beti esaten dudan moduan udal politikak konkistatu nau ni, horrek betetzen nau. Elgoibartarra naiz, beti nahi izan dut hemen bizi eta hala jarraitu nahi dut. Horregatik, gustura bizitzeko herri bat izaten jarraitzea nahi dut, nire seme-alabekin gustura biziko naizen herri bat izatea nahi dut, eta horretara bideratuko ditut nire ahaleginak", adierazi du.