"Elgoibarko EH Bildutik irakurketa ezin hobea egiten dugu udalbatzan aho batez onartu dugun parte hartze prozesuari buruz. Aspalditik aldarrikatzen ari gara izen aldaketa ezinbestekoa zela, eta ez gu bakarrik; herriko beste kolektibo batzuen eskaria ere izan da hori. Herri honetan ezin da memoria historikoa urratzen duen sinbolorik izan", adierazi dute Pedro Mugurutza etorbideari izena aldatzeko Udalak hasitako prozesuaren harira. Gogora ekarri dute EH Bildutik ekimen ezberdinak jarri izan dituztela martxan. "Mozioa ere eraman zen udalera Pedro Muguruzari kale izena kentzeko. Zailtasun asko izan dira bidean baina laster ikusiko dugu kale hori beste izen batekin", esan dute.
Nabarmendu dutenez, urte bukaerarako Elgoibarko kaleetatik frankismoarekin lotura daukaten sinboloak ezabatuko dira. "Kostatu zaigun arren, poztekoa da benetan azkenean aho batez lortu izana prozesua martxan jartzea. Horrela, gure aspaldiko aldarrikapen bat gauzatuko dela ikusiko dugu. Ez da erreza izan, eta bidea luzea izan da, baina azkenik lortuko dugu bilatzen genuen erreparazioa". Kaleari izena aldatzeko prozesuan parte hartzea animatu dituzte elgoibartarrak. Udazkenean jarriko da martxan prozesua, eta loteslea izango da.
• Berri "pozgarria" Elgoibar 1936 taldekoentzat
2007tik Memoria historikoa berreskuratzeko lanean diharduen Elgoibar 1936 taldekoek ere sorreratik, eta sarritan, eskatu dute Pedro Mugurutza etorbidearen izena aldatzea, eta berri Pedro Muguruzaren kalearen izena aldatuko dela jakitea berri "pozgarria" dela adierazi dute. "Sinbolo frankistak desagertzen joan dira gutxinaka, 2012an Elgoibarko Udalak kenduko zituela esan zuenetik. 2020 urtera arte itxoin behar izan genuen, baina kendu zituzten falangeko plakak ere. Memoriaren bidean, Pedro Muguruza genuen koska, eta azken finean, kostata eta ez nahi izan dutelako, legeak horrela esaten duelako baizik, azkenean, Pedro Muguruza arkitekto falangista madrildarrak ez du etorbiderik izango Elgoibarren, eta herritarrek erabakiko dute izen berria", esan dute elgoibar1936.info weborrian zabaldu duten idatzian.
∞Lotura duten albisteak:
- Irailean jarriko dute martxan Pedro Mugurutza etorbideari izena aldatzeko partaidetza prozesua (2021-06-24)
- Pedro Mugurutza etorbideaz herritarrei galdetzeko prozesua udazkenean jarriko dute abian (2020-06-26)
- Pedro Mugurutza etorbideari izena aldatzea eskatzeko mozioa aurkeztuko du EH Bilduk (2020-06-22)
- Pedro Mugurutza kalearen izena aldatzea ez dagoela ezbaian dio EH Bilduk, "memoria historikoaren legeak agintzen duelako" (2019-10-07)
- Pedro Mugurutza etorbidearen izena herritarrek aukeratuko dute (2019-09-27)