Heriotzaren berri jakitean dolumin mezua zabaldu du Arnaldo Otegik sare sozialen bidez. "Elkarrizketaren eta bakearen aldeko apostu zintzoa egin zuen lehena izan zen. Herri honen historiaren parte bat berak hasi zuen Txillarren. Nire doluminak senitartekoei, lagunei eta alderdiko kidei", esan du Otegik.
Arnaldo Otegi eta Jesus Egiguren urteetan bildu ziren Elgoibarko Txillarre baserrian, baina Paco Egeak eta Pernando Barrenak ere hartu zuten parte solasaldi horietan. Berria egunkariak Egea eta Barrena Txillarren bertan batu zituen, 2018an, elkarrizketa haie buruz berba egiteko. Txillarreko Pello Rubiok ere eman zion elkarrizketa haien berri BARREN aldizkariari 2012an argitaratutako elkarrizketa batean. "Paco Egeak berak proposatu zigun 2000. urte amaiera aldera, eta Arnaldok gustura hartu zuen. Eta halaxe 2001. urte hasieran hasi zen etortzen Jesus Êgiguren]. Baina helburua ez zen bakeaz edota ETAz hitz egitea. Mahai batean bueltan solastea baizik. Jesus etortzen hasi eta hilabete batzuetara, ia Pernando [Barrena] gonbidatuko genuen galdetu zigun Otegik. Eta halaxe, bostok hasi ginen batzen", azaldu zuen Rubiok elkarrizketa haien sorreraz.
Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak ere gogoan izan du Egea. "Beti adiskitzearen alde egin zuen zerbitzari publikoa izan zen. Gobernutik eta diskreziotik. Eskerrik asko. Agur eta ohore", idatzi du PSE-EEko Idazkari Nagusiak sare sozialetan.
Gipuzkoako Foru Aldundian Ekonomia zuzendaria izan zen Francisco Egea, eta Jose Antonio Ardanza Lehendakaria zela, Jaurlaritzako Justizia, Ekonomia, Lan eta Gizarte Segurantza kontseilari izendatu zuten, 1997. urtean. Lizarra-Garaziko Ituna egin zenean, sailburu sozialistek dimisioa eman zuten. Egeak politika utzi zuen orduan, eta enpresa pribatuan hasi zen lanean. Ingeniaritza Industriala ikasketak zituen, eta hainbat enpresatan ibili zen: Mondragon taldean, Alfan eta FEVE Espainiako Trenbideen Enpresa Publikoan. Kutxan, Sprin eta EuskoTrenen kontseilari izan zen.