Debate politikoa egiteko proposatu die EHBilduk Elgoibarko indar politiko guztiei, eta EAJk bere ezezkoaren arrazoiak eman ditu

Barren.eus 2019ko mai. 10a, 13:45

Gauerdian abiatu da hauteskunde kanpaina, eta horren barruan, mahai-inguru politikoa egiteko proposamena luzatu die EHBilduk Elgoibarko alkatetzarako aurkeztu diren indar politiko guztiei. EAJk ez du, baina, debaterik aurreikusten beraien kanpainan, eta bere ezezkoaren arrazoiak argitu ditu gaur arratsaldean Batzokian eman duten prentsaurrekoan. 

Udal Hauteskundeetarako kanpainaren barruan mahai-inguru politikoa egiteko proposamena egin die Elgoibarko EHBilduk gainerako alderdi politikoei, uste dutelako herritarrek aukera izan behar dutela alderdi bakoitzaren proposamenak ezagutzeko eta kontrastatzeko, eta horren arabera euren botoa erabakitzeko. 

Elgoibarko Udal Hauteskundeetara aurkeztu diren alkategai guztiei egin diete debatean parte hartzeko gonbidapena, eta gaur bertan iritsi da EAJren erantzuna. Elgoibarko EAJk ez du debaterik aurreikusi bere hauteskunde kanpainan, eta prentsaurrekoa eman du gaur arratsaldean Batzokian, erabaki horren arrazoiak argitzeko. EAJko arduradunek azaldu dutenez, apirilaren amaieran jarri ziren EHBildukoak beraiekin harremanetan gai hau proposatzeko, eta jeltzaleek "argi eta garbi" erantzun zieten debate politikoa ez zutela aurreikusten. Beraientzat hauteskundeak legealdien arteko trantsizioa dira, eta euren ustez, debateak legealdi osoan zehar ematen dira batzorde eta plenoetan. Hauteskunde kanpaina diseinatuta zeukaten ordurako, eta debate politikoa ez zegoela euren planetan esan zieten.