Argazkia aterako dute Elgoibarren Altsasuko gazteekiko elkartasunez

Barren.eus 2018ko mar. 14a, 22:48

Altsasun, 2016ko urrian gertatutako liskarren harira auzipetutako gazteen aurkako epaiketa apirilean hasiko da. Hori dela-eta, asteburuan elkartasun ekitaldiak izango dira herriz herri, baita Elgoibarren ere.

Elgoibarko hainbat lagunek salatu nahi dute Altsasuko gazteekin "egiten ari diren bidegabekeria", eta hori dela-eta bat egin dute asteburu honetarako hainbat herritan antolatu dituzten elkartasun ekitaldiekin. Hala, Elgoibarren ere Altsasuko gazteei, euren lagun eta senideei babesa adierazteko argazkia aterako dute. Barixakuan, hilaren 16an, elkartuko dira Elgoibarko Kultur Etxeko atarian, 19:30ean. Horrez gain, apirilaren 14an manifestazioa izango da Iruñean eta Elgoibartik autobusa antolatzen saiatuko direla jakinarazi dute.