Soinu bandarekin dator aurtengo Ekigain jaia

Barren.eus 2023ko eka. 15a, 21:09

Musikak pisu handia izango du Elgoibarko Izarrak ekainaren 21erako antolatu duen Ekigain jaian.

Udako solstizioa elkarrekin ospatzeko jaia bost urteren ostean bueltan dela aurreratu genuen hemen, aurreko astean, eta berrikuntzak ere iragarri zituzten antolatzaileek. Orain, berritasunen inguruko xehetasun gehiago eman dituzte. Ekimen honen harira sortu duten Ekigain kanta eta dantza aurkeztuko dituzte hilaren 21ean Sallobente-Ermuaranen. Iban Urizarrek jarri die melodia Uxue Alberdik sortutako bertsoei, eta Iera Larrañagak sortu ditu kanta dantzatzeko pausoak edo koreografia. Sallobenten aurkeztuko dute estreinakoz jendaurrean, eta kasu honetan, Iban Urizarrekin batera arituko dira Amaia Oñederra, Mikel Etxaniz, Maialen Arriola eta Aitor Nova.

 • Euskal kanten bertsioak
Motorrak berotze aldera, kanta berria aurkeztu aurretik, euskal kanten bertsioak joko dituzte zenbait musikari elgoibartarrek, honako hauek: Ainhitze Beristainek, Aitor Asenjok, Maialen Etxeberriak, Julen Zubizarretak, Noemi Araujok, Danel Legorburuk, Amaia Sasiainek, Gaizka Urangak eta Alaitz Almortzak.

 • Euria bada, Maalan
18:30ean jarri dute ordua Maalatik oinez joan nahi dutenentzat, baina oinez joateko aukerarik ez dutenei esan diete 20:00etarako agertzeko Sallobente-Ermuaranera. Han, 19:30ean, dantzaren urratsak ikasteko saioa egingo dute, eta ondoren, 19:45ak aldera, afari-merienda egingo dute, eta txokolatea banatuko dute gero. Sallobenteko elkartekoek ogitartekoak salduko dituzte han bertan, baina aurrez eskaerak egin dituztenei.
Eskaerak egiteko: labur.eus/ekigainogitartekoak loturan. 20:45ean, ongi-etorria izango da, eta 21:00ean, euskal kanten bertsioak joko dituzte Elgoibarko zenbait musikari gazteek. Ondoren, Ekigain kanta eta dantza aurkeztuko dituzte. 22:30ak aldera suaren gainetik salto egiteko aukera zabalduko dute. Etxerako buelta 23:00ak alderako aurreikusi dute. Bueltarako frontala eramateko gomendioa egin dute. Euria bada, Maalako parkean ospatuko dute jaia.

Elgoibarko Izarrak antolatu du Ekigain jaiaa, Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolaren laguntzarekin eta Udalaren babesarekin.