Gotzon Garate Udal Liburutegiari buruzko gogobetetze inkesta bat egingo dute

Barren.eus 2023ko eka. 1a, 14:06

Liburutegiak ematen duen zerbitzuari buruzko asebetetze maila zein den jakiteko galdetegi bat prestatu du Elgoibarko Udalak.

Udaletik azaldu dutenez, Gotzon Garate Udal Liburutegiko erabiltzaileek liburutegia erabiltzerakoan izan ohi duten esperientziari buruzko informazioa jasotzeko diseinatu dute galdetegia, baina liburutegia erabiltzen ez duten herritarrak ere animatu dituzte inkesta betetzera, "herritarrek izan ditzaketen proposamenei erantzuteko eta liburutegiaren zerbitzua hobetzeko".

Besteak beste, jakin nahi dute liburutegiak ematen duen zerbitzutik zer den gogokoena erabiltzaileentzat, zein diren zerbitzurik erabilgarrienak; eta, jakin nahi dute zer hobekuntza egin ditzaketen erabiltzailen "premiak" modu eraginkorrean asetzeko. Horretarako, erabiltzaileen parte hartzea ezinbestekoa dela azpimarratu dute, "liburutegia nola hobetu dezakegun ulertzen laguntzeko eta, erabiltzaileei, liburutegi paregabea eskaintzeko".
Prestatu duten galdetegia "azkar eta erraz" betetzeko modukoa dela-eta, inkesta betetzera animatu dituzte herritarrak. www.elgoibar.eus webgunean edo Elgoibarko Udalaren whatsapp zenbakian eskuratu daiteke galdetegia, edo bestela, Herritarren Harretarako Zentroan (HAZ) inprimatutako kopia bat eskatzeko aukera egongo da, ekainaren 5etik aurrera. Galdetegia betetzeko epea ekainaren 20an bukatuko da. Betetako galdetegiak honako leku hauetan laga behar dira: HAZ, Jubilatuen Biltokia, Aita Agirre kulturgunea, Olaizaga kiroldegia edo Inazio Bereziartua Musika eta Dantza Eskola.

Jasotzen duten informazioa konfidentziala eta guztiz anonimoa izango dela gogora ekarri dute.

 • Zozketa berezia
Galdetegia betetzen dutenen artean 80 euroko erosketa-bono bat zozkatuko dute, Txankakua Merkatarien Elkarteko dendetan gastatu beharko dena.