Maiatzaren 7an, domekan, egingo dute aurtengo Irukurutzeta Eguna. 11:15ean salda eta txorizoa banatuko diete bertaratutako guztiei tontorrean –eguraldi txarra eginez gero bertan behera lagako dute salda eta txorizo banaketa–.
Karakaten egin nahi duten zentral eolikoak Irukurutzetako eremua ere "mehatxatzen" duela-eta, Irukurutzeta Egunean parte hartuko dutela jakitera eman dute Elgoibarko zein Soraluzeko Karakate Bizirik plataformek, Karakate "bizirik" eta "mendiak aske" nahi dituztela aldarrikatzeko. Gainera, tontorrera oinez igoteko mendi martxak antolatu dituzte, bi herrietatik. Elgoibarren 9:00etan elkartuko dira Kalegoen plazan, taldean tontorreraino igoteko. Goian, hamaiketakoarekin indarrak berreskuratu ostean, talde argazkia aterako dute 11:30ean. Parte hartzera animatu dituzte herritarrak.