Apirilaren 22an ospatuko dute Elgoibarren EME Eguna, Elgoibarko Musikarien Elkartearen eguna

Barren.eus 2023ko api. 12a, 10:54

Asteburu betea izango dute musikazaleek apirileko laugarrena. Apirilaren 21erako (barikua) Ama Say eta Arima taldeen kontzertuak izango dituzte Mendaron, eta biharamunean, apirilaren 22an, zapatua, EME eguna ospatuko dute Elgoibarren, Elgoibarko Musikarien Elkarteko taldeen eguna. 

Elgoibarko Musikarien Elkarteak publiko egin du dagoeneko kartela. EME bera da antolatzailea, eta Elgoibarko Udala eta Ilunpe taberna, Maala kafetegia, Malape taberna eta Viento Sur gastroteka dituzte laguntzaileak. Zazpi kontzertu eta emekideen bertsio festa lotu dituzte apirilaren 22rako, Maalan, baina ekimen beraren harira, apirilaren 26an, Aitor Gorosabel Su ta Gar taldeko abeslari eta gitarra jotzailearekin elkarrizketa musikatu bat izango dela aurreratu dute. Jon Gurrutxaga kazetari eta musikariak elkarrizketatuko du Gorosabel, Kultur Etxeko Sotoan, 19:30ean. 

EME egunean arituko diren talde eta bakarlariak honako hauek izango dira: Gabi eta Alfon, Amildegi, Bikustik, Brilet, Xut, Amorante, eta Kokoteraino.
 
Gabi eta Alfon: Koska euskal rockaren talde aitzindariaren bi konpositoreek, Gabi Agirregomezkortak eta Alfonso Guillok, osatzen dute biko hau. Ahotsa eta gitarra akustikoa jartzen ditu Alfonsok eta gitarra elektrikoarekin osatzen ditu abestiak Gabik. Rock vintagea egiten dute_ Chuck Berry-ren rock’n roll batzuk, gitarra elektrikoaren lehen keinuetako batzuk (Apache; Ghost Riders in The Sky), Pretty Woman, The Beatles nahiz Credence Clearwater Revivalen abestiak, Straycats-en rockabillyren bat edo Koskarekin famatu egin zuten Garraztasuna ere bai.
 
Bikustik: Bikustik 2008ko maiatzean sorturiko proiektua da. Rockaren klasikoak eta gaur egungo beste hainbat kantu modu akustikoan moldatzen dituen bikotea dira. Jon Gurrutxaga (Arima Beltza, Uek, Andrakan, Jon & Sugramas, eta gaur egun bakarlari gisa Hitz lauz diskoa aurkezten dabil) eta Patxi Zabaleta (Arima Beltza, Kokoteraino, Sinuöse, Andrakan) dira duoa osatzen dutenak. Beatles, Queen, Janis Joplin, Led Zeppelin eta Creedence Clearwater Revival moduko taldeen kantuak bertsionatzen dituzte.
 
Amildegi: Elgoibarko musika taldea da Amildegi ere eta bost lagunek osatzen dute: Gaizka Uranga (bateria), Markel Uranga (gitarra), Unax Esnaola (ahotsa), Julen Zubizarreta (gitarra) eta Gorka Irisarri (baxua). Punk, Rock, Oi! estiloko kantuen bertsioak egiten dituzte, bai eta ikuskizuna eman ere zuzenekoetan. 
 
Xut: Oscar Gonzalez (baxua eta ahotsa), Jokin Zubillaga (bateria eta ahotsa) eta Expresión Sonora eta Koska rock talde aitzindarien sortzaile Gabi Agirregomezkortak (gitarra eta ahotsa) osatzen dute. Rock eta blues klasikoaren abesti ezagunak jotzen dituzte, besteak beste Fletwood Mac, Bad Company, Joe Cocker eta Dire Straitsenak. .
 
Brilet: 2022ko irailean sortutako taldea da Brilet. Asier Olabarrieta, Jesus Jimenez eta Nerea Gil elgoibatarrek osatua. Pop-rocka eta musika elektronikoa uztartzen ditu taldeak.
 
Amorante: Ez du aurkezpen beharrik Amorantek. Iban Urizar (Elgoibar, 1975) musikariaren proiektua da. 2014tik han-hemen dabil emanaldiak ematen eta musika sortzen. Herri musika du oinarrian proiektuak, baina esan dezakegu herritik, errotik eta erraietatik sortzen duela Amorantek. Tronpeta, autotunea, elektronika, inprobisazioa.... Osagai asko eta ezin hobeto uztartuta, tradizioari traizio pixkat egitea zilegia dela erakusteko. Herri musikatik abiatuta ertzetatik mugitzen da Amorante.
 
Kokoteraino: Patxi Zabaleta, Oier Gurrutxaga, Iker Rodriguez eta Gorka Errezilek osatzen dute Kokoteraino, Nahitanahiez taldean ibilitakoak laurak. Hain justu ere izen horrekin egin ziren ezagun, baina denbora gutxi iraun zuten izen harekin, Kokoteraino izena hartu baitzuen taldeak gero. 1993an kaleratu zuten maketa bat, Kilometroak 96ko diskoan kantu bat eta makina bat emanaldi sutsu izan ziren laukotearen ekarpena. 2018an berriro elkartu ziren abenduan, Sinuöseren eskutik, Sotoan kontzertu bat emateko. 
 

2023 04 17 EME EGUNA 23 elgoibar kartela

 

∞Lotura duten albisteak: