Musika zaleen agendan leku berezia hartu du azken urteotan irailean Mendaron antolatu ohi duten Gararock jaialdiak, Mendaroko kultura eskaintza aberasteko asmoz lagun talde batek sortu zuen jaialdiak. 2016an antolatu zuten estreinakoa, eta 2020an, pandemiagatik, ezin izan zuten irailean jaialdirik antolatu. Arantza hori kentzeko, 2021ean, udaberriko zikloa antolatu zuten: 'Begiekin entzutekoak'. Lau kontzertu gogoangarri izan ziren orduan, eta ordukoaren bidetik, aurten ere, Gararocken eskaintza udaberrira ere zabaldu dute. Izan ere, bi kontzertu iragarri dituzte Gararock taldeak eta Mendaroko Udalak apirilaren 21erako: Ama Say taldearena eta Arima taldearena.
Ama Say: Ortuellan (Bizkaia) sortutako taldea da Ama Say. Estatu Batuetako rock talde alternatibo garaikideen soinu distortsioa eta melodiarako sena jorratu zuen, euskara eta ingelesa nahasiz erreferentzia literarioz jositako hitzetan. Bi disko eta zuzenean grabaturiko CD txiki bat argitaratu zituen Esan Ozenki diskoetxearekin, eta 1995ean banandu zen. Taldekideetako batzuek Zein? sortu zuten berehala, baina 2008an Ama Say itzuli zen eta beste disko bat grabatu zuen. Beren azken lana aurkeztera datoz Mendarora. Ero Bomb. Ibon Bilbao 'topo' (ahotsa, gitarra), Gorka Molero (gitarra), Karlos Osinaga Txap (gitarra, mostratxa), Mikel Gonzalez (baxua) eta Gontzal Bilbaok (bateria) osatzen dute gaur taldea.
Arima: Muskizko taldea da Arima, eta lau lagunek osatzen dute gaur egun. Hasiera-hasieratik dauden Paule Bilbao (gitarrak eta ahotsa), Josu Gonzalez (baxua) eta Gontzal Bilbaok (bateria), eta Josu Palaciosek (gitarra). Rocka egiten dute, eta hiru disko dituzte argitaratuta. Metamorphosis izan zen beren estreinakoa (2019, Bonberenea- Ekintzak), Biluztasunez jantzita etorri zen gero 2021ean (Bonberenea-Ekintzak), eta Beldurrez beste egitean da euren azken lana (Bonberenea-Ekintzak). Aurten eman dute argitara eta horixe aurkeztera datoz Mendarora. Aurrez ere izanak dira Arimakoak Mendaron eta ikuskizuna eman zuten.