Atseden hartu baino gehiago anfitrioi lanak egitea tokatu zaie gaurkoan Haritzekoei, Portugaleteko Elai Alai, Galdakaoko Andra Mari eta Donostiako Argia dantza taldeen bisita izan baitute, Haritzen 50. urteurrena ospatzeko ekintzen barruan. "Urteetan gure bidelagun izan diren dantza talde hauen laguntza eta babesa oso garrantzitsuak izan dira gure ibilbidean, eta eskerrak ematen dizkiegu, bihotzez", esan du dantza saioko aurkezle lanak egin dituen Jon Lizarraldek gaur Elgoibarrera etorri diren hiru taldeez.
Donostiako Argia taldeko dantzariekin hasi da jaialdia. Haritzeko zenbait kidek ere egin dute dantza beraiekin. 'Irradaka', 'Habanera' eta 'Galaiena' dantzatu dituzte. Ondoren, Andra Marikoek hartu dute plazaren erdia, Luzaideko dantzen erakustaldiarekin. 'Bolant' dantza, 'Hegi' eta 'Tellagorri, 'Euskaldunak eta sorginak' eta 'Dantza luze' piezak dantzatu dituzte. Elai Alaiko dantzari eta musikariek eman diote amaiera saioari, Bizkaiko dantzen erakustaldiarekin: 'Dantzari' dantza, 'Erregelak' eta Porrusalda dantzatu dituzte, besteak beste. Saioaren amaieran elkarrekin bazkaltzera joan dira guztiak, Jubilatuen Biltokira. Eta arratsaldean dantza gehiago egiteko aukera izango da, oraingoan baina herritarrentzako da dantza egiteko gonbidapena, horretarako aukera izango baitute Inguma dantza taldearen kale-erromerian. Kalez kale ibiliko dira 18:00etatik aurrera. King-kong paretik abiatuko dute kalejira.
Haritz Euskal Dantzari Taldeak 50 urte beteko ditu aurtengo sanbartolomeetan, eta urteurrenaren harira urte osoko egitaraua prestatu dute.