"Dantza taldearen sorreratik harreman estua izan dugu hiru dantza taldeokin, eta ohorea eta plazera izango da urteurrena gurekin batera ospatzera etortzea", jakinarazi dute Haritz taldekoek. Izen eta izan handiko dantza taldeak dira Elgoibarrera gonbidatu dituzten hirurak: Elai Alai (Portugalete), Andra Mari (Galdakao) eta Argia (Donostia)
Martxoaren 25erako, zapatua, antolatu dute dantzaldia. Kalegoen plazan izango da, 12:30ean (euria bada, Herriko Antzokian). Egun horretako dantza kontuak, baina, ez dira goiz partean bukatuko. Arratsalderako Inguma dantza taldearekin kale-erromeria iragarri dute. Joan den inauterietan ere izan ziren Elgoibarren, kaleak euskal musikaz girotzen. Ingumakoen erromeria ibiltaria 18:00etan hasiko da, King-Kong paretik.
Dantza jaialdia iragartzeko zabaldu duten kartelean 'Herri bat dantzan' marrazki lehiaketako marrazki sarituetako bat erabili dute, Ibon Makazagarenena, hain zuzen ere.