Haritz Euskal Dantzari Taldeak, 50 urte

Barren.eus 2023ko mar. 3a, 15:41

Haritz Euskal Dantzari Taldeak 50 urte beteko ditu abuztuaren 24an, San Bartolome egunez, eta urteurrena ospatzeko, urte osoko egitaraua antolatu dute. Urtarrilean aurkeztu zituzten egitarauko puntu nagusiak eta ari dira egunez egun zehaztasun guztiak fintzen. Hilabetero ekintza bat izango zela aurreratu zuten urtarrilean, -martxoan, abuztuan eta irailean bina-, baina ekitaldi nagusia ekainaren 17rako iragarri dute: Haritz Eguna.

Egun horretarako, Haritz Euskal Dantzari taldean edota aurrez Elgoibarren izan ziren beste dantza taldeen bueltan ibilitako dantzari guztiak bildu nahi dituzte. Dantza kalera atera nahi dute, bai eta balioan jarri ere dantza eta dantza taldea, besteak beste, garbi dutelako dantza taldeak oso garrantzitsuak izan direla eta direla euskal kulturan sozializatzeko.

Euskal dantzaren transmisioan eta bizirautean ezinbesteko lana bete du eta betetzen du Haritz Euskal Dantzari Taldeak Elgoibarren. Ofizialki, 1973an sortu zuten taldea Elorra, Ongarri eta Elgoibarko Izarrako dantza eskoletan ibilitako hainbat dantzari eta txistularik San Bartolome egunez sokadantza dantzatzeko, eta geroztik, zientoka dantzari batu dira taldera, soka luzatzera. Sortzetik bertatik, bi zutabe nagusi izan ditu Haritz Euskal Dantzari Taldeak, San Bartolome eguneko sokadantza eta dantza eskola, eta bi norabide bere egitekoan: Elgoibarko tradizioak mimoz gordetzea eta errepertorioan sakontzea eta eduki berriak ikastea.


Baina dantzaren transmisio eta biziraupenerako bezain tresna garrantzitsua izan da dantza taldea komunitatea kohesionatu eta artikulatzeko eta belaunaldi ezberdinak euskal kulturan sozializatzeko. Hala ere, eta dantza taldeak berak hain funtzio garrantzitsua bete arren, taldekideek uste dute ez zaiola beti behar besteko balioa eman dantza taldeak egindako lanari, eta sarri askotan gutxietsia ikusi dute dantza bera ere. Ez da, hala ere, hori Haritz Euskal Euskal Dantzari Taldera mugatzen den kontua. Oier Araolaza dantzari, antropologo eta Dantzan elkarteko kideak 'TTap' aldizkarirako Idoia Torregarai kazetariak egindako elkarrizketan zioen "gutxiespenez" hitz egin izan dela dantza taldeen lanaz, eta bi arrazoi nagusi ere ematen ditu elkarrizketan: batetik, "konplexua", euskal kulturako testuinguru batzuetan "folklorearekiko dagoen fobia halako bat", eta bestetik, azken 40 urteotan euskal kulturaren eta euskal identitatearen ardatz gisa euskara hartu izana eta ondorioz berbazko hizkuntza beren funtsezko osagaitzat ez duten diziplinak albora utzi izana. Arrazoiak edozein direla ere, egoera hori irauli nahi dute Haritz Euskal Dantzari Taldekoek eta helburu nagusi horren bueltan ardaztu dute urteurrena.

2023 03 03 HARITZ EDT 50 urte elgoibar arrieta gil lizarralde

Iñaki Gil, Ion Arrieta eta Jon Lizarralde hiru historiko dira Haritzen. Elgoibarko Izarrako dantza eskolan hasi zen Gil dantzan eta 1982an Haritz dantza taldearen zuzendaritza hartu zuen aldi baterako. Ion Arrieta, berriz, 1973ko abuztuaren 24an plazaratu zen talde haren bultzatzaile nagusia izan zen eta Lourdes Odriarekin batera Elgoibarko Izarrako dantza eskolari lotuta egon zen urte askoan. Jon Lizarralde, azkenik, 21 urterekin hasi zen Haritzen eta karisma eta itzal handiko dantzaria da gaur taldean, erreferente bat. Dantza bizi dute hirurek eta dantzak lagunarte zabala eta bizi-esperientzia ahaztezinak eman dizkietela aitortu dute. Beren ardurak alboratu gabe, dantza taldearen urteurrena prestatzeko lantaldean dihardute buru-belarri azkeneko hilabeteetan, gazteagoekin batera. Hainbeste eman die dantzak, hain ondo pasatu dute dantzan, hain ikusten dute osasungarri dantzatzea eta hain garbi dute dantzak herri hau herriago egiteko egin duen ekarpena "berebizikoa" izan dela, nahiko luketela Elgoibarren ehunka dantzarik osatu duten soka hori luzatu. Alexander Humboldt humanistari irakurritako esaldi bat ekarri du gogora Iñaki Gilek: "Humboldt-i irakurri nion Pirinioen bi aldeetan dantzatzen zen herria zela gure hau, eta hala da. Dantza izan da gure ospakizunetako osagai nagusia. Beti dantzatu gara kalean, baina gaur dantza gehiago da oholtzako zerbait, eta atera behar dugu berriro kalera". Elgoibarko plazan egon badago dantza, eta azpimarra hori egin du Jon Lizarraldek. Dantzaera dotorekoa, eredu bat da Lizarralde Haritz Euskal Dantzari Taldean. Hamaika ekitalditan egin du dantzan, izan lagunarteko ospakizunetan, jai-girokoetan zein ekitaldi ofizialetan, eta argi dio: "Ez da agurra dantzatu gabeko ekitaldirik. Kuadrillakoen ezkontza ospakizun gehienetan dantzatu dut agurra nik, baina zenbat lagun etorri dira gero plazara gu dantzan ikustera? Ez dakit zer den, geure-geure sentituko bagenu bezala da, baina gero dantzari bizkarra emanda moduan bizi dira asko".

 • Lau ekintza nagusi
Gaur, lau dira Haritz Euskal Dantzari Taldearen Elgoibarko agendan ekintza nagusiak, San Bartolome eguneko sokadantza, Errosario kaleko amaren ezpata dantza, Nazioarteko Folklore Jaialdia (1987. urtean antolatu zuten estreinakoa) eta Plazara dantzara erromeria, baina dantzarik gabeko ospakizunik ez dago Elgoibarren. "Falta da zerbait, baina", dio Ion Arrietak. Arrietaren esanetan dantza gure gorputz hizkuntza da umetatik eta atera behar dugu hori. "Denok dantzatzen ginen lehen. Giro hori piztu nahi dugu, zabaldu denok garela dantzari, denok egin genezakeela dantzan, hobeto edo okerrago".

Dena dago, baina, dantzari balioa aitortzearekin lotuta eta erronka horri heldu nahi diote. Horretarako politika publikoetan esku-hartzeko premia ere ikusten dute. Izan ere, uste dute aisialdirako jardueren eskaintza zabalaren erdian, babes txikia duela dantzak, hein handi batean ez delako kiroltzat hartzen. "Kirola sustatzen da, baina ez dantza. Dantzatzea ez omen da kirola egitea. Ez dute zenbat izerdi botatzen dugun ikusten nonbait! Jendea ez da konturatzen osasunerako kirola bezain onuragarria dela dantza. Kirola modu lehiakorrean ulertzen da nagusiki eta lehiaren kontua badago generoari lotua ere", aipatu du Lizarraldek. Hori delako bestea. Umeei jaio orduko esaten zaie zein den asignatu zaien genero-identitatea, eta ondorioz, genero bakoitzari lotutako jarduera estereotipatuak aukeratzen dituzte normalean. Horregatik identifikatzen dute askok dantza nesken jardueratzat. Datuak argiak dira. "11 urteko ikasleen artean bakarra da mutila. 12 urtekoetan ere mutil bakarra daukagu eta 13koetan, bat ere ez. Buruz ari naiz, baina hortik gora ere antzera. Oso mutil gutxi dauzkagu", zehaztu du Lizarraldek. Eta gehitu du ondotik Gilek: "Gure garaiko argazkia beste bat zen. Gizonezkoak gehiago ginela esango nuke. Orain, mutil faltagatik, neskak hasi dira duela gutxira arte arte gizonok egiten genituen dantzak dantzatzen". Irtenbidea ere proposatu dute: "Eta eskolako gimnasia orduetan hasiko balira dantzako oinarrizko pausoak erakusten?".

 

2023 03 03 HARITZ EDT 50 urte elgoibar 25urteurrenean

2023 03 03 HARITZ EDT 50 urte elgoibar 1998 atzeskulari aurreskulari omenaldia

2023 03 03 HARITZ EDT 50urte 1998 uztaila abuztua 25urteurren bazkaria

2023 03 03 HARITZ EDT 50 urte elgoibar soka dantza BARREN

2023 03 03 HARITZ EDT 50 urte elgoibar ezpata dantza2022 BARREN

2023 03 03 HARITZ EDT 50urte 1994 Aurreskulari txapelketa Branles

2023 03 03 HARITZ EDT 50 urte elgoibar 1