Sinuöseren inauterietako emanaldia, barikuan, Sotoan

Barren.eus 2023ko ots. 14a, 11:10

Sinuöse kolektiboko kide Patxi Zabaletak eta Iban Urizarrek prest dute inauterietarako prestatu ohi duten emanaldia. Kontzertu berezi honen 27. ekitaldia izango da aurtengoa.

1997an hasi ziren Patxi Zabaleta eta Iban Urizar inauterietan musika saio bereziak ematen. Malape tabernan ematen zuten kontzertua hasierako urteetan. Ondoren, Herriko Antzokia edota Toletxe taberna izan zituzten eszenatoki, eta azken urteotan Kultur Etxeko sotoan ematen dituzte musika saioak. Kontzertu desberdinak eta bereziak egiteko asmoz hasi ziren, eta esperimentazioa da saioen ezaugarri nagusietakoa.

Ohi bezala, bikoteak ez du aurreratu emanaldian entzun eta ikusi ahal izango dena. Baina, Sotora gerturatu ohi direnek badakite esperimentazioaren ondorio den kontzertu batez gozatu ahal izango dutela. Urizarrek eta Zabaletak kartelean eman ohi dute gauak emango duenaren arrasto bakarra.
Barikuan, otsailaren 17an, izango da kontzertua, 23:00etan.