08:30an abiatu dira kanturakoak Herriko Enparantzatik baserrietantz. Hiru talde egin dituzte, eta banatu dituzte koplariak eta trikitilariak. Sahatzu mendira abiatu den taldean Nerea Elustondo eta Unai Mendizabal izan dituzte koplariak eta Iñaki Elortza, Dorleta Lazarobaster, Jon eta Axular Larrañaga aita-semeak eta Jon Gallastegik zabaldu diete bidea soinua eta panderoarekin. Mendarozabalgo etxe-atariak, berriz, Amaia Agirreren eta Iñigo Zubiaurreren artean koplatu dituzte, eta Idurre Arriola, Amaia Sukia eta Maite Olazabal aritu dira haiekin batera soinua eta panderoarekin. Garagartzako taldean, berriz, Beñat Lizaso eta Aitzol Urain aritu dira kopla-kantuan eta zortzi laguneko taldea izan dute musika jartzen, tartean Ameikutz musika eskolako gaztetxo batzuk: Iñigo Loiola, Igor Rey, Garazi Ulazia, Sonia eta Aitana Archeli ama-alabak, Irantzu Agirregabiria, Amaia Bergaretxe eta Leandro Esnaola. Nork bere auzoa koplatu ostean Aizpe elkartean batu dira elkarrekin bazkaltzeko. 15:30ak jota iritsi dira azkenak, eta ordurako prest zuten jana, goiz goizetik aritu direlako sukaldean Aizpe elkarteko sei bazkide. Eskekoak pozik agertu dira mendaroarrek agertutako eskubazaltasunarekin. Guztira, 2.710 euro batu dituzte, eta gastuak ordainduta, gainerako dirua Gazteak euskal dantza taldeari eman diote, 1.150 euro orotara. Ohi bezala, baserrietan egin diete harrera hobea eskekoei. Kafea, goxoak, sanblas opilak, txorizoa eta okela egosia, eta etxeko sagardoa ere atera dizkiete mahaira eta eskertu dute kantura batutakoek, hotz egin duelako gaur ere. Lerro hauen bidez, esker ona agertu diete guztiei santa eskekoek, eta esker on hitzak izan dituzte baita ere Aizpen bazkaria prestatu dieten elkarteko sei sukaldariei: Jose Luis Olazabal, Jose Antonio Olaskoaga, Jose Manuel Muñoz, Jose Luis Zulaika, Miguel Mendikute eta Jabier Urain 'Etarte'.
• Eskola-umeak, atzo
Baina atzo ere ez zen santa-eske doinurik falta izan Mendaron. Mendaro Ikastolako eskola-umeak kalera irten ziren kantura, eguraldi ona lagun, eta mailaka banatuta, herri osoan zehar ibili ziren kantuan. Hona hemen ARGAZKI BILDUMA