Santa Ageda bezperan kopla kantuan eta eskean aritzea ohitura zaharra da Elgoibarren, eta azken bi urtetako etenaren ostean, gogotsu zeuden santa eskean irteten diren taldeak, bai baserriz baserri ibiltzen diren Elgoibarko Izarrakoak, eta beste horrenbeste esan daiteke herriguneko auzo eta kaleetan barrena ibiltzen diren Etxegiña taldeko lagunez ere.
Gure bueltan Elgoibarko Izarrak bakarrik eutsi izan dio Santa Ageda bezpera egunez kantura irteteari, eta Etxegiña taldekoak eta Mendarokoak Santa Ageda egunetik gertuen jausten den zapatuan irten izan dira. Aurten, baina, Santa Ageda bezpera zapatuan egokitu denez, Elgoibarren egun berean irten dira kantuan Etxeginakoak zein Elgoibarko Izarrakoak. Batu ere, ordu eta leku beean batu dira, 9:00etan Kalegoen plazan. Elkarrekin atera dute argazkia bi taldeek (goiko argazkian), eta bakoitzak bere bideari ekin dio gero.
Etxegiña taldekoak kalez kale ibili dira kantuan eta eskean. Herri Eskolako LH5eko eta Ikastolako LH6ko ikasleak ere batu zaizkie taldera aurten, eta bildu duten dirua Caritasentzako izango da.
Elgoibarko izarrarekin 60 lagunetik gora irten dira kantuan. Aurten, estreinakoz, ohiko bi taldeak beharrean hiru talde osatu dituzte, familiena hirugarrena, eta lau baserri-auzotako etxeak koplatu dituzte. Familen taldean aritzeko 25 bat ume eta gurasok eman dute izena, eta Idotorbeko baserrietan ibili dira santa eskean.
Sei koplarik jardun dute kantuan Elgoibarko baserri atarietan: German Meabebasterretxea, Zabier Arrizabalaga 'Ziarda', Juan Mari Areitio, Uxue Alberdi, Juan Jose Eizmendi "Loidisaletxe II", eta Ane Labaka. Horiei laguntzen, berriz, hiru trikitilari bikote: Iñaki Olarte-Aitziber Larrañaga, Ander Agirrebeña-Agurtzane Mujika eta Naroa Iriondo-Lorea Iriondo-Leire Uranga-Eider Arizmendiarrietak osatutako trikitilari taldea.
- ARGAZKI-BILDUMA: Santa eskea Elgoibarren (2023-02-04)
Familia taldekoen koplaldia, honako bideoan:
∞Lotura duten albisteak:
- 60 lagun inguruko taldea jardun da kantuan eta eskean Mendaron (2023-02-04)
- Makila kolpeka lurra esnatzeko eguna da bihar, Santa Ageda bezpera (2023-02-03)
- 60 lagunetik gora, Elgoibarko Izarraren Santa Ageda koruetan (2023-02-02)
- Familientzako hirugarren talde bat ere osatuko dute Elgoibarko Izarraren Santa Agedako koruetan (2023-01-19)