Makila kolpeka lurra esnatzeko eguna da bihar, Santa Ageda bezpera

Barren.eus 2023ko ots. 3a, 10:22

Makilak hartu eta lurra esnatzera irteteko eguna da bihar; kanturako eta eskerako eguna, nahiago bada, baina gaurtik aurrera entzungo dira makil kolpeak eta koplak Elgoibarren zein Mendaron.

Gure bueltan Elgoibarko Izarrak bakarrik eutsi izan dio Santa Ageda bezpera egunez kantura irteteari, eta Etxegiña taldekoak eta Mendarokoak Santa Ageda egunetik gertuen jausten den zapatuan irten izan dira. Aurten, baina, zapatuan egokitu da Santa Ageda bezpera, eta beraz, talde guztiak irtengo dira bihar kantura, makilak hartuta. Eskola-umeek bestalde gaur izango dute makilak hartu eta kanturako eguna. Elgoibar Ikastolakoak eta Mendaroko eskolakoak kalera irtengo dira gaur, eta Herri Eskolako LH5eko ikasleak eta Ikastolako LH6koak Etxegiña taldekoei batuko zaizkie bihar.

GAUR, HILAK 3, BARIKUA
Mendaron: kalera irtengo dira gaur eskola-umeak santa eskera. Azpilgoetan, txokolateri paretik, abiatuko dira kantuan LH3tik LH6ra artekoak, eta Herriko Enparantzan HH5etik LH2ra artekoak batuko zaizkie gero. Mendarozabalera joango dira handik eta hara irtengo dira 3 eta 4 urteko ikasleak, denek elkarrekin kantatzeko.
Elgoibar ikastola. 10:00etan irtengo dira ikastolatik eta adinka banatuta herriko leku ezberdinetarako bidea hartuko dute.

OTSAILAK 4, ZAPATUA
Mendaro. 8:30ean plazan batu eta hiru taldetan banatuta Sahatzu mendiko, Garagartzako eta Mendarozabalgo baserriak koplatuko dituzte. Beñat Lizaso, Amaia Agirre, Nerea Elustondo, Mikel Mendizabal, Iñigo Zubiaurre eta Aitzol Urain izango dira koplariak.
Etxegiña. Kalegoen plazan elkartuko dira, 9:00etan, eta kalez kale ibiliko dira kantuan eta eskean. Herri Eskolako LH5eko eta Ikastolako LH6ko ikasleak ere batuko zaizkie taldera aurten, eta biltzen duten dirua Caritasentzako izango da.
Elgoibarko Izarra. 60 lagunetik gora irtengo dira kantura. Hiru taldetan banatu eta lau baserri-auzotako etxeak koplatuko dituzte. Nagusien bi taldeak goizeko 9:00etan bilduko dira Kalegoen plazan; familiena, berriz, 11:00etan. Bi taldeek 15:00ak aldera arte jardungo dute kantuan eta eskean, eta gero denek batera bazkalduko dute Idotorbeko elkartean. Sei koplarik jardungo dute kantuan Elgoibarko baserri atarietan: German Meabebasterretxea, Jabier Ziarda, Juan Mari Areitio, Uxue Alberdi, Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe eta Ane Labaka. Hauei laguntzeko, berriz, hiru trikitilari bikote osatuko dituzte. Iñaki Olarte-Aitziber Larrañaga, Ander Agirrebeña-Agurtzane Mujika eta Naroa Iriondo, Lorea Iriondo, Leire Uranga-Eider Arizmendiarrieta.

2023 02 02 santa eskea mendaro taldebat BARREN

2023 02 02 Santa Eskea Elgoibar Izarra etxetxon aiastia kolore

2023 02 03 santa eskea etxegina elgoibar 2020 BARREN 1