Abenduaren 28an izango da bertso jaialdia, Elgoibarko Herriko Antzokian. Geratzen diren sarreretako bat eguna baino lehen eskuratu nahi duenak, abenduaren 23ra arte izango du horretarako aukera Elgoibarko Izarrak Aita Agirre kulturgunean duen bulegoan. Telefonoz deituta ere gorde daitezke sarrerak. Sarrera guztiak saltzen ez badira, abenduaren 28an Herriko Antzokian bertan jarriko ditugu salgai.
Igandean jokatu zen Euskal Herriko bertsolari txapelketako irabazlea, Maialen Lujanbio, Elgoibarren izango da. Txapeldunarekin batera beste lau bertsolarik kantatuko dute: finalean parte hartu zuten Sustrai Colinak eta Alaia Martinek, eta txapelketa ona egin duten Jone Uriak eta Aitor Bizkarrak.
Gaiak jarri dituena eta jaialdia aurkezten jardungo duena, berriz, Imanol Artola 'Felix' izango da.
Bertso-jaialdia Elgoibarko Izarrak antolatzen du, Udalaren laguntzarekin.