Galiza Etxekoek gaztainak erre eta debalde banatu dituzte Maalan

Barren.eus 2022ko aza. 13a, 10:01

Elgoibarko galiziarren gaztañerre eguna da udazkenero ospatzen duten Magosto jaia. Gaztainak erre eta debalde banatu zituzten atzo.

Bi urteko etena egin dute, pandemiak behartuta, baina aurten, udazkeneroko ohitura berreskuratu du Galiza Etxeak. Atzo ospatu zuten Magosto jaia, Maalako parkean. Ourensetik (Galiza) ekarritako 200 kilo gaztaina erre zituzten hiru danbolinetan, eta debalde banatu zituzten herritarren artean. Gaztainez gain, Galiziako produktuak erosteko aukera ere izan zuten Maalara gerturatutakoek. (ikus bideoa BARRENen Instagramean)

Euskal Herrian udazkenean egin ohi den ospakizuna da Gaztañerre, eta bereziki Soraluzen, Eibarren eta Ermuan mantendu dute ohitura. Lagunarteko afari-meriendia eginda ospatzen dute herriotan. Eibarren, Animen egun osteko bigarren astelehenean ospatzen dute, eta gaztaina erreak eta marraskilloak afaltzea da ohitura (ikus hemen). Ospakizunak balio sinboliko berezia du, antzina gaztaina neguko oinarrizko elikagaia zelako Euskal Herriko hainbat tokitan. XVIII. mende amaieratik aurrera artoa eta Amerikatik ekarri zuten patata hasi ziren, gutxinaka, gaztainek elikaduran zuten lekua hartzen.
Beste zenbait kulturetan ere ospatzen dute jatorri zeltiarra duen gaztaiñerre jaia. Galizian oso errotuta eta bizirik dago Magosto deitzen dioten ospakizuna. Udari agur esan eta batutako gaztaina uztarekin urteko sasoi ilunagoari eta hotzagoari aurre egiteko ospakizuna da. Galizian oso lotura estua du hildakoak gurtzearekin. Etxeko sua piztuta lagatzen zuten eta janaria Lareiraren inguruan prest, familiako hildakoen espirituak etxera itzul zitezen.

2022 11 12 magosto eguna gaztainak goi maalan BARREN

2022 11 12 magosto eguna gaztailak maalan 1 BARREN

2022 11 12 magosto eguna gaztainak baldean maalan BARREN

2022 11 12 magosto eguna gaztainak danbo b1 maalan BARREN

2022 11 12 magosto eguna gaztainak pitxarrak maalan BARREN

2022 11 12 magosto eguna gaztailak maalan jendea BARREN