Ikasleen ezusteko omenaldia jaso du Jon Lizarraldek dantzari bakarlarien erakustaldian

Barren.eus 2022ko mai. 28a, 10:44

Aurreskua ikasten edo txapelketetan diharduten Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolako dantzariek dantzari bakarlarien erakustaldia egin zuten plazan, barikuan, eta amaierarako gordeta zuten euren maisu Jon Lizarralde omentzeko ekitaldia.

Dantza erakustaldiko aurkezle lanak egin zituen Jon Lizarraldek, eta lanak amaitzera zihoanean jaso zuen ikasleen omenaldia, ezustean. Dantzariek elkarrekin egin behar zuten azken dantza aurkezten ari zela kendu zioten eskuetatik mikrofonoa, eta plaza erdira eraman zuten omendua, harridura aurpegi bete betearekin. Honela azaldu zituzten Lizarralde omentzeko zioak: "Azken dantza baino lehen hitz batzuk ditugu kurtso guztian orain arte ikusi duzuen guzti hori irakatsi, prestatu eta gaurkoan aurkezle lanetan izan dugun Jonentzat. Ez dira orokorrean urte errazak izan inorentzat. Hala ere, horren aurrean moldatzen eta dantzan jarraitzen jakin izan dugu, besteak beste, Jon beti izan dugulako zain Merkatu Plazan, dantzan ikasi eta irakasteko prest. Ez pentsa agur esaten ari garenik. Ikasi dugu edonoiz eman daitezkeela eskerrak, momentu bereziak itxaron gabe. Gaur eskerrik asko esateko egun apropos bat da, eta horregatik Jon, zuk prestatutako azken dantza hau zuri eskaini nahi dizugu. Aurrerantzean ere jarrai dezagun dantzan bizi, eta dantzaz bizitzen. Eta, bide batez, Arantxi [Arantxa Aginako] ere aipatu nahi dugu eta eskerrak eman aurresku txapelketa guztietan eman dizkigun animoengatik". Berba horien ostean lora sorta oparitu zioten Jon Lizarralderi. Omenduak esan zuen bere ikasleak dantzan ikustea zela berarentzako egon daitekeen omenaldirik hoberena.

Inazio Bereziartua eskolako dantzariek ikasturtean ikasitakoa plazaratzen dute dantzari bakarlarien erakustaldian. Aurtengoan 10 eta 18 urte bitarteko 14 dantzarik hartu dute parte: Sare Meabebasterretxea, Haizea Luluaga, Unax Ansola, Irene Toledano, Uxue Cabrera, Duna Santos, Elaia Etxaniz, Nerea Galindo, Malen Galarraga, Jon Etxeberria, Eneko Etxaniz, Markel Goenaga, Maddalen Oñederra eta Jone Gil.
Hamabi doinu desberdin dantzatu zituzten Kalegoen plazan batu ziren herritarren aurrean. Musikariak honakoak izan ziren: Aintzane Larreategi eta Ane Zuñiga txistu lehenengoak, Eneko Ansola txistu bigarrengoa, Maddi Zabala Txistu handi edo silbotearekin, eta, Danel Larreategi atabalarekin.

  ARGAZKI-BILDUMA: Dantzari bakarlarien erakustaldia eta Jon Lizaralderi omenaldia

 

2022 05 27 dantzari bakarlariak aurreskua BARREN dantzan

2022 05 27 dantzari bakarlariak aurreskua BARREN

2022 05 27 dantzari bakarlariak aurreskua 2 BARREN

2022 05 27 dantzari bakarlariak aurreskua atz BARREN

2022 05 27 dantzari bakarlariak aurreskua 1 BARREN

2022 05 27 bakarlarien erakustaldia elgoibar barren

2022 05 27 dantzari bakarlariak aurreskua kalegoen BARREN

∞Lotura duten albisteak: