Elgoibarko sei musika taldek kontzertua emango dute Maalan

Barren.eus 2022ko api. 29a, 13:52

Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko dio kantuak, eta horixe egingo du bihar Elgoibarrek: kantatu. Elgoibarko Musikarien Elkarteak antolatuta, Maalara irtengo dira herriko musikariak, elkartea aurkeztu eta elkartearen baitan zer egiten duten erakustera: “Gure musika erakusteko irrikitan gaude”, esan dute.

2018an sortu zuten herriko zenbait musikarik Elgoibarko Musikarien Elkartea, eta taldea ezagutzera emateko eguna antolatu zuten orain dela bi urterako. Alabaina, pandemia iritsi zen, eta Elgoibarko musikarien eguna ospatu aurretxoan etxeratu gintuzten. Bi urte pasatu dira ordutik, eta egoerak hobera egin duen honetan, Maalako parkea hartuko dute bihar herriko musikariek, ezkutuan egiten duten hori jendaurrean erakusteko: “Elgoibarren musika taldeak badaudela erakutsi nahi diegu herritarrei”.

Adin eta estilo desberdinetako musikariak igoko dira Maalako oholtzara bihar, eta EME elkarteko sei musika talderen kontzertuez gozatzeko aukera egongo da, honako hauek dira taldeak:

  • Bikustik
  • Eleaners
  • Ellie Jensen
  • Dani and the Sotos
  • Jesy’s Tyros
  • K-104.

Kontzertuak 18:00etan hasiko dira, eta talde bakoitzak ordu erdiko emanaldia emango du. Baina EME Eguna ez da kontzertuetara bakarrik mugatuko. 12:00etan musikarekin erlazionatutako materialen bigarren eskuko azoka egingo dute. Erabiltzen ez duten materiala jarriko dute ikusgai, eta erosteko edo trukatzeko aukera egongo da. Azoka irekia da, eta edozein herritarrek parte hartu ahal izango du. Azokaren ostean, elkarrekin bazkalduko dute.

ERREPORTAJEA osorik BARREN aldizkariko 1241. zenbakian -PDF-

 

2022 04 29 EME eguna elgoibar errep BARREN JEIZYS TYROS

2022 04 29 EME eguna elgoibar errep BARREN Ellie Jensen

2022 04 29 EME eguna elgoibar errep BARREN k 104

2022 04 29 Bikustik EME eguna elgoibar errep BARREN

2022 04 29 EME eguna elgoibar errep BARREN Eleaners