Gotzon Garateri 'Atsotitzak' liburua ontzen lagundu zioten baserritarrek topaketa egingo dute Elgoibarren

Barren.eus 2022ko api. 26a, 11:17

Gotzon Garatek Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 23 baserritan egindako ikerlan baten emaitza da 'Atsotitzak' liburua. 1998an argitaratutako lan horretan 27.000 gora atsotitz bildu zituen.

Gotzon Garate Goihartzun (Elgoibar, 1934 - Bilbo 2008) euskal idazle eta hizkuntzalariak 1967an ekin zion baserriz baserri bilketa lanari. Hogeita hamar urteko lanaren ostean, 27.000 gora atsotitz bildu zituen: euskarazkoak (14.000 baino gehiago), gaztelaniazkoak (>5.000), ingelesezkoak (>4.000) eta latinezko (>3.000) atsotitzak edo errefrauak. BBK Fundazioak 2014an argitaratu zuen liburuaren bigarren argitalpen eguneratua, CD-ROM eta guzti, 30.466 atsotzitzak izenpean.


 • Azken topaketa, Elgoibarren
Gotzon Garatek harreman estua izan zuen 'Atsotitzak' liburua ontzen lagundu zioten baserritarrekin, 30 urtean kontaezin ordu pasa baitzituen haien sukaldeetan. "Baserritarrak nire maisu handiak dira eta, ni, ostera, euren ikasle. Beethoven musikagilearen 9. Sinfonia baino ederragoa da baserritarren etorria. Kontuan hartu, baserritarrek eguzkiz eguzki, goizetik gaueraino euskaraz berba egiten dutela, eta konturatu barik botaten dabezela esaera zaharrak", azaldu zuen Garatek berak liburuaren harira 'Bizkaie!' agerkariari eman zion elkarrizketa batean. Baserritarrekin zuen hartu eman horri eusteko urtean behin bazkari baten bueltan batzeari ekin zioten duela mende laurden, Gotzon Garate artean bizirik zela, eta bera hil ostean ere eutsi diote ohiturari. Alabaina, adinean aurrera doazela-eta, urtean behin batzeko ohitura horri amaiera ematea erabaki dute, eta Garateren sorterrian batuko dira azkenengoz, zapatuan, apirilaren 30ean. "Urtero leku desberdin bat aukeratzen genuen elkartzeko, eta 24 alditan batu gara bazkari baten bueltan hango eta hemengo baserritarrak. Aralarko San Migelen egin genuen azken topaketa, 2019an. Harrezgero ezin izan dugu berriro elkarrekin egon, Pandemiaren eraginez. Eta, adinean aurrera goazela-eta, Elgoibarkoa izango dela azkenengoa erabaki dugu", azaldu du Angel Ugarteburuk. Topaketarako egitaraua ere prestatu dute. Hasteko, mezara joango dira 12:00etan. Mezetan eta meza ostean Elgoibarko historiari buruzko hainbat argibide emango ditu Pello Arrietak. Meza bukatutakoan San Bartolome kalera joango dira denak, Gotzonen etxepera, Angel Ugarteburuk idatzitako bertso sorta abesterera.

Elgoibarko herriaren omenaldia jaso zuen Gotzon Garate idazle euskaltzaleak 2009ko urriaren 8an, bere heriotzaren lehen urteurren egunean, eta omenaldi egun hartarako sortu zituen bertsoak Ugarteburuk. Garateren jaiotetxean dagoen oroitarriaren azpian kantatuko dituzte bertsook, 12:45ak inguruan. Gero, Sigman egingo dute bazkaria.

Gotzon Garateri buruzko informazio osoa euskaraalaezkara.eus web orrian duzue.

 

Lotura duten albisteak: