Inazio Bereziartuako dantzariak Lezoko Aurresku Txapelketan egindako lanarekin gustura

Barren.eus 2022ko api. 11a, 09:33

Gazte mailako gipuzkoar erako aurresku txapelketaren laugarren jardunaldia jokatu zuten zapatuan Lezon, eta egindako lanarekin gustura itzuli dira dantzari elgoibartarrak.

Txapelketako bosgarren, eta honenbestez, azkeneko jardunaldia izan behar zuen Lezokoak, baina dantzariek ezin izan zuten lehiatu laugarren jardunaldia hartzekoa zen Oiartzungo txapelketan, joan en martxoaren 27an. Antolatzaileek arazoak eduki zituzten saioa antolatu ahal izateko eta bertan behera lagatzea erabaki zuten. Antolatzaileek oraindik ez dute erabaki Oiartzungo saioa jokatuko duten, ala zuzenean finalak jokatuko dituzten. Legazpin eta Errenterian jokatuko dituzte adin tarte bakoitzeko finalak, maiatzaren 14an eta 15ean. Dantzariek ez dute jardunaldi guztietan dantza egiten, hirutan baizik, eta hori zozketa bidez erabakitzen dute antolatzaileek. Hala, hiru saio horietan puntu gehien batzen dituzten dantzariak sailkatuko dira finalerako.

Lezoko lehiaketara itzulita, Legazpi, Lezo, Zizurkil, Lasarte, Amasa-Villabona, Anoeta, Lizartza, Areso, Andoain eta Elgoibarko dantzariak partu hartu zuten Bekoerrota kiroldegian jokatu zuten txapelketan. Elgoibarko Inazio Bereziartua Musika eta Dantza Eskolako ordezkariak izan ziren Malen Galarraga, Irene Toledano, Unax Ansola eta Elai Etxaniz. Dantzarion arduradunek azaldu dutenez, "maila oso ona" eman zuten. "Txapelketa hauetan, dantzari guztiek izaten dute maila oso ona, prestatzen ordu asko egiten dituzte-eta. Aurreskua dantzatzeak teknika handia eskatzen du, eta are zailagoa egiten du bakarka dantzatu beharrak, oholtzara bakar bakarrik irteteak horren gazteak izanda. Ordu asko, izerdi asko, lan asko dago dantzari hauen prestaketan", azaldu dute.

∞Lotura duten albisteak: