Saxofoi jole gazteen txapelketak eta Udal Musika Bandaren kontzertuak bat egingo dute asteburuan

Barren.eus 2022ko api. 1a, 09:06

Hamaikasax Saxofoi Elkarteak eta Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolak antolatuta, saxofoi jotzaile gazteentzako Hamaikasax Nazioarteko saxofoi lehiaketa jokatu dute asteburuan musika eskolako auditoriumean.

Portugal, Frantzia, Espainia eta Euskal Herriko 19 saxofoi jotzailek hartuko dute parte Hamaikasax nazioarteko lehiaketaren bigarren ekitaldian, eta horien artean, hiru elgoibartar ere arituko dira: Elaia Etxaniz, Unai Aizpurua eta Aimar Vigara. Bihar, apirilak 2, jokatuko dituzte finalaurrekoak, 11:00etatik aurrera. Arratsaldean, bestalde, Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioko ikasleen ensembleak kontzertua emango du, 19:30ean hasita. Elgoibar inguruan horrelako saxofoi taldeak entzuteko aukerak gutxi izaten direla ohartarazi dute Inazio Bereziartua eskolako arduradunek: "Ez galdu aukera hau eta animatu kontzertua ijarraitzera", esan dute. Azkenik, Hamaikasax lehiaketako finala, domekan jokatuko dute, 10:00etatik aurrera. Miguel Angel Lorente (Musikene) eta Nahikari Oloriz Maya (Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioa) irakasleek eta Haizea Huegun Durán konposatzaileak osatuko dute epaimahaia. Parte hartzaileek finalean jo beharko duen 'Ametsak' piezaren sortzailea da Haizea Huegun epaimahaikidea. Hortaz, ezin egokiagoa parte hartzaileen lana epaitzeko.

Lehiaketa honek Udal Musika Bandaren kontzertuarekin bat egingo du domekan, eta sari banaketa ekitaldia Herriko Antzokian egingo dute, Udal Musika Bandak eskainiko duten kontzertuaren barruan. 12:30ean hasiko da kontzertua, eta lau pieza joko dituzte. Hirugarren piezaren ostean banatuko dituzte saxofoi lehiaketako sariak.
Domeka goizean, bestalde, dultzaineroek diana joko dute kalejiran, 10:00etatik aurrera.

2022 04 01 hamaikasax kartela