Entzuleak sartu zirenean museoa berotzeko martxan ziren poleak, baina saioa hasterako poleak geratu eta Ixak Arrutiren eta Gari Otamendiren hatzamarrak hasi ziren mugitzen gitarra eta biolinarekin hurrenez hurren. Gaiek industria, makinak, erreminta, lana... izan zituzten oinarri, baina bai gaiek beraiek eta baita bertsolarien jardunak gai horien inguruko hitz-jokoekin entzuleak berenganatzea lortu zuten, baita gitarra eta biolin doinuekin bat egiteak ere.
Agurrerako makina hitza jarri zien gai-jartzaileak bertsolariei eta orduan hasi ziren museoko irudiak bertsoekin eta bertsolariekin parekatzen. Uxue Alberdik lehenengo koplatik txukun adierazi zuen bertso saioaren oinarria: "Gure ahotsekin gatoz ez paper eta ez tinta/burua dugu makina eta hitza erreminta" eta gainontzeko agurreko kopla denetan entzun zen makina hitza argi utziz esanahi asko izan ditzakeela. "Ez da makinaren lana gaur gu hemen egotea/kulturaren industriak ere behar du koipea", abestu zuen berriz Uxuek.
Entzuleak agurtu eta makinak martxan jarrita Sigman josteko makinak muntatzeko lanetan, jarduten zuten bi emakumeren paperean jarri zituen Miren Amuriza eta Uxue Alberdi gai-jartzaileak. Bertsolariek kantatu zuten emakumeek ordura arte fabrikako ateak itxita izan ondoren, lantokiko lanaz gain ama lana egin beharra, baita soldata txikiagoa jasotzen zutela. "gizonak ere lanean dabiz, geu be ari gara hala/baina esango nuke gure jornala askoz gutxiago dala", esan zuen Mirenek. Uxuek josteko makina jarri zuen martxan bukatzeko honakoa botaz: "...orain kalera irteten gara azoka, fabrika, denda/ta historia hari hartuta, puntada txikiz josten da".
Miren Amurizak bertsotan segi eta Onintza Enbeita izan zuen lagun hurrengo jardunean. Makina erremintaren esparruan emakumeak ibili arren, gai-jartzaileak esan zien ez dela beti erraza gizonen artean lan egitea gehiengoa beraiek direnean eta bertsolaritzak ere horretatik baduenez horren gainean kantatzeko eskatu zien. Onintza Enbeitak hasieratik erakutsi zuen emakumeek bertsotan taula gainean jarduteko badutela gaitasuna gizon artean aritu arren: "...kapaz izan naiz bertsoarekin neure kasa gozatzeko/kapaz izan naiz zerbait ezberdin genuela ikusteko/Jon Lopategik esandakoan paparra ataratzeko". Bertsotako hainbat esparru aipatu zituzten orduan: mahai inguruko saioetan gutxiesten dituztenekoa, txapela sari izatea emakumeek zapia janzten zutenean, bertsokideen amatasuna...
Uxuek jardun zuen bakarka gero. Bizikleta bizitzarekin parekatu zuen gai-jartzaileak, pieza batek krak eginez gero bizikletak ez duela funtzionatzen esan zion eta bizitzan ere dena ondo doala iruditu arren batzutan ez duela norberak nahiko lukeen moduan aurrera egiten. Uxuek hiru bertsotan emakumeen bizimoduaren hainbat pieza izan zituen aipagai: Lana izan zen bizitzaren baitan krak egin zuen lehen pieza eta horrela amaitu zuen bertsoa: "...baina halere begia ez da inoiz jarri bizikletan/eta akatsa bilatu dugu aldapan edo hanketan"; bigarrenean diru kontuez aritu zen; eta azkenean familia desoreka agerian utzi zuen: "... eta nik ere sinistuko du andren askatasunean/asteburutan txirrindan joan daitezkeen egunean".
Uxuek atseden hartu gabe Onintzarekin aritu zen gero. Denda baten jabe izan eta Onintzak ama izandakoan lanari utzi beharko dion ustean Uxuek jarraitzeko konbentzitzen egin zuen ahalegina. Biak umore puntuan aritu ziren eta bukaeran entzuleak barrez ipini zituzten. Biek batera hazteari baiezkoa eman eta horrela bukatu zuen Onintzak: "...ta gure bezeroek nahi baldin badute/pasea dezatela rebajaren truke".
Miren Amurizaren makina martxan jarri zen berriz eta makinek emozio gabe funtzionatzen badute ere, txapelketen dinamikan murgilduta dabilen honetan berak bizi dituen hiru emoziotaz kantatzeko eskatu zion gai-jartzaileak: urduritasuna, amorrua eta poza. Amorrua horrela adierazi zuen "...diote porrot bat dela, garaipen baten sorrera/ ordea bataila hori zail da eramaten hobera/guduzelai bilakatzean denean beti norbera" eta ondoren, Bizkaiko finalean bere lagunak taula gainean kantuan publikotik ikusita sentitutako poza irribarrez gogoratu zuen eta bera ezezik beste bi bertsolariak ere emozionatu ziren saioan.
Hirurak elkarrekin aritu ziren gero bertsolariak fabrikatzen. Uxuek berehala itxuratu zuen egingo zuten bertsolaria: "Buruan engranaje bat oso azkarra/errimak soldatzeko bigun xamarra eta lepotik behera pieza bakarra". Panpinekin parekatu zituzten, baita bertsolarien izenak aipatu eta hauen ezaugarriak-edo esanda jarri ziren barrez entzuleak. "Onintzak sortu zigun hainbat endredo/egin genudun 83ean edo/uholdeek fabrika hartu ta gero", kantatu zuen Onintzak berak "negar egin zuen lehena" zela esan ziotenean. "...Amuriza oraindik hor ibiltzen da/bere burua entzunda rekargatzen da" erantzun zion Mirenek Onintzari Amurizari pilak jarri zizkiotela esandakoan.
Onintza Enbeita izan zen bakarka jarduten hirugarrena. Familiako denak industrian diharduten ingeniari eta delineanteak izanik berak artista izan nahi du eta hala azaldu zien senideei: "...zientziak ziren lehenago gure etxeko baldintza, baina norberaren kontra itzultzen denez bizitza/planotan ez da kabitzen zuen alaba Onintza", horrela segi zien gero: "...ez daukat hain garbi zer den, nahi dut melena soltatu/fokoen argia nahi dut ta ez fokoak montatu", baina argi utzi zuen: "...beti dago aukera bat lehengora itzultzeko/geldiarazitako obren ingeniari izateko".
Hirurak elkarrekin aritu ziren handik aurrera. Emakume lesbiana baten historiaren hasiera eman zien Idoiak eta beraiek osatu egin behar izan zuten koplatan. Ondoren, eskuak izan ziren ardatz, emakumeen esku txikiek lantegietan piezen manipulaziorako zuten estimua kontuan hartuta, baina "emakumeen eskuek askoz gehiagorako balio dute, ezta?" galdetu zien gai-jartzaileak bertsolariei. Eta hala erantzun zuten bai: agintzeko, sudurrean sartzeko, masturbatzeko, plazerra zein mina emateko, protestetan hirukia irudikatzeko, behiak jezteko, ortuan aritzeko...
Eskuak eta makinak geratu aurretik, ahotsa oraindik ozen mantenduz agurtu zituzten entzuleak. "Nahiz ta bihartik aurrera joan bakoitza berera/makina bat gozatuta joango gara gaur etxera". Bertsolariek gozatu eta baita entzuleek ere, izan zen musikaren ukitu bereziarekin "beste bat" eskatzeko gogoz gelditu zenik ere.
Hona saioa bideoan: