Bere ipuin-kontaketa saioetako protagonista da printzesa ausarta. Eulalik berak asmatu eta sortutako ipuina da, eta orain paperean argitaratu du. Euskaraz eta gaztelaniaz idatzi du, eta Txillarren eko-dendan jarri du salgai.
• ‘Printzesa ausarta’ ipuina kaleratu berri duzu. Nola animatu zara ipuina kontatzetik idaztera?
Bost bat urte dira ipuin hau kontatzen hasi nintzela azoketan, eta antolakuntzan aritzen den lagun batek animatu ninduen ipuina idaztera. Berari oso ipuin ona iruditzen zaio, eta gainera, asko gustatzen zaio nik nola kontatzen dudan. Konfidantza eman zidan eta interesgarria iruditu zitzaidan. Ipuina kontatu eta azokan bertan saldu nezakeela esan zidan, eta ideia ona iruditu zitzaidan.
• Zein balore lantzen dituzu ipuin honetan?
Hezkidetzan eta berdintasunean oinarrituta dago ipuina. Neska zein mutil izan, denok eskubide berberak ditugula aldarrikatzen dut, eta emakumezkoak ez direla gizonezkoak baino gutxiago. Horrez gain, estereotipo fisikoak ere apurtu nahi ditut ipuin honekin. Gorputzaren irudiari ematen zaion garrantzia salatzen dut nolabait, eta aldarrikatzen dut itxura fisikoa ez dela garrantzitsua, eta berdin duela zuria edo beltza izan, argala edo lodia, altua edo baxua... Denok berdinak garela erakusten du nire ipuinak, eta denok elkar errespetatu behar dugula. Itxura fisikoagatik ezin dela inor baztertu aldarrikatzen dut, eta gorpuzkera jakin bat edukitzeagatik ezin zaiola inori ezer ukatu. Berdintasuna, hezkidetza eta giza irudiaren baloreak lantzeko ipuin oso polita da. Sormena ere landu nahi izan dut eta horretarako txotxongilo batzuk sortu ditugu, azoketan gurekin ibiltzen den neska baten laguntzaz. Nik nahi dudana da umeek beraien istorio propioak sortzea txotxongiloekin. Printzesa eta armiarma sortu ditut, eta liburuarekin batera daude salgai. Telefonoak eta pantailak albo batera utzi eta gurasoek umeekin denbora gehiago pasatzeko modu oso polita da.
• Nolakoa izan da ipuina idazteko prozesua?
Bi urte eman ditut proiektu honekin. Istorioa nirea da, nik sortu eta asmatutakoa, bestela ezin da argitaratu. Beraz, istorioari nolabait forma ematea eta idaztea zen egin beharrekoa, baina uste baino lan handiagoa izan da. Niretzako lehenengo aldia zen, eta hasieran nahiko galduta ibili nintzen. Ilustratzailea ere neuk topatu behar izan dut, eta ez nekien nondik hasi ere horretan. Erdi Aroko azoketan ibiltzen naiz, eta han ibiltzen den neska baten bidez lortu nuen azkenean ilustratzailea. Argitaletxea aurkitzea ere ez da erraza izan. Argitaletxe pila batera bidali nuen ipuina, argitaratzeko prest zegoen bat aurkitu nuen arte. Bi hizkuntzatan idatzi dut, Euskal Herritik kanpora ere ibiltzen naizelako ipuinak kontatzen, eta han ere ipuina saltzea interesatzen zaidalako.
• Zein kritika jaso ditu zure lanak?
Oso pozik geratu naiz emaitzarekin, eta ilusioz beterik nago proiektuarekin. Egindakoaz harro sentitzen naiz. Ipuin bat argitaratzea lortu dut, eta ez edozein ipuin, gainera. Balore garrantzitsuak lantzen dituen ipuina da, eta oso pozik nago. Harrotasuna da hitza, horixe sentitu dut. Ingurukoek ere esan didate asko gustatu zaiela, liburuak sinatzeko eskatu didate lagunek, eta oso pozik nago.
• Aurrera begira, zein proiektu dituzu eskuartean?
Datozen hilabeteetarako azoka pila bat ditut lotuta. Ipuin kontalaria izateaz gain, liburutegi ibiltari bat eramaten dut nirekin, umeengan irakurzaletasuna bultzatzeko. Liburuak trukatzen ditugu, bat utzi eta beste bat hartu, eta liburuak herriz herri mugitzen ditut. Proiektu polita da, eta kontsumismoa gutxitzeko balio du.