Jose Ramon Cabreraren argazkiak irabazi du Ermuko Udalak antolatutako “2021eko oporrak” lehiaketa

Barren.eus 2021ko aza. 8a, 14:04

“2021eko oporrak” argazki lehiaketa antolatu zuen Ermuko Udalak, eta Jose Ramon Cabreraren argazki batek irabazi du lehen saria.

Mundu guztian zehar eginiko bidaietako argazkiak aurkez zitezkeen Ermuko Udalak antolatutako “2021eko oporrak” argazki lehiaketara, eta Combarro (Pentevedra, galizia) herrian ateratako argazki bat aurkeztu zuen Jose Ramon Cabrerak, BARREN aldizkariko kolaboratzailea (Hitz eta Klik atalean) ere baden argazkilaritza zaletuak. Lehen saria eman dion argazkian Galiziako aletegi (Horreo) bat ageri da, ilunabarrean ateratako argazkian. Eraikin horien berezkotasun nagusia elikagaiak lurretik aldentzean datza, janaria animaliengandik eta hezetasunetik babesteko. Garia, frutak eta haragia gordetzeko balio izateaz gain, familiaren maila ekonomikoaren adierazgarria ere bazen.

Saritutako argazkiekin erakusketa bat antolatu du Ermuko Udalak, eta Lobiano kulturgunean ikusi ahal izango dira argazkiok azaroaren 15etik 28ra bitartean, 18:00etatik 20:00etara.

Jose Ramon Cabrerak argazki lehiaketa gehiago ere irabazi izan ditu, eta bere izena ohikoa izaten da Elgoibarko Udalak egutegia osatzeko urtero antolatzen duren argazki lehiaketaren irabazleen artean.

∞Lotura duten albisteak: