Azaroaren 8tik 13ra egingo dute Eibarren XXII. Asier Errasti Film Laburren Jaialdia. Plano Corto elkarteak antolatzen du jaialdia, laburmetraiak eta ikusentzunezko gaiak sustatzeko eta zabaltzeko. Sail ofizialerako aukeratu dituzten 52 laburmetraiak astelehenetik barikura bitartean ikusi ahal izango dira Coliseo antzokian, egunero 20:00etan. Sarrera doakoa izango da. Azken egunean, zapatua (azaroak 13), egingo dute sari banaketa ekitaldia (19:30). Lan onenak Javier Agirresarobe Saria jasoko du.
• Miscere, azaroaren 12an
Jairo Berbel elgoibartarrak eta Juanma Cano eibartarrak zuzendu duten 'Miscere' izeneko film laburra azaroaren 12an, barikua, emango dituzten hamabi laburmetraietako bat izango da. Berbelek azaldutakoaren arabera, Miscere eta Alex dira laburmetraiko pertsonaia nagusiak eta irratiko elkarrizketa batek harimuintzen du istorioa. "'Todos hablamos' irratsaio ezagunean parte hartzera gonbidatu duten euskal neska bat da Miscere, eta Alex da irratsaioa gidatzen duen kazetaria. Martinen eta Eireren istorioa kontatuko du Miscerek uhinetan, Afrikan bizimodua hobea dela-eta hara migratuko duten aita eta alaba baten istorioa", aurreratu du Berbelek. Migratzaileei buruzko istorioa dela dio, "baina alderantziz kontatua", eta horregatik jarri diote Miscere izena protagonistari eta laburmetraiari berari, gauzei buelta ematea esan nahi baitu Miscerek latinez. Migratzaileek bizi duten zorigaitzarekin eta minarekin enpatia sentitzea da lan honen helburua, bere berbetan. Laburmetraia argitu ezin duen ezusteko batekin amaitzen dela esan du Berbelek.
J. Berbel Estudioak ekoitzi du 18 minutuko laburmetraia, eta honakoa da aktoreen-zerrenda: Induara Cruz, Juanma Cano, Miguel Moyano, Lucia Moyano, Noëmie Kilembe, Cristian Ela, Eva Pequerul, Sara Arrizabalaga, Igor Baroja eta Alaitz Izaga