Euria goian-behean zela osatu zuten ibilbidearen erdia. 18:30ak aldera abiatu ziren Gaztelekutik Azpilgoetarantz eta bidean geldialdia egin zuten frontoian dantzarako. Azpilgoetan, Alderdi Eder kaleko etxeen aterpean dantzan jardun ziren umeak. Kalejira amaituta Gaztelekura itzuli ziren eta han etxetik eramandakoa afaldu zuten haurrek elkarrekin, gauean berriro irteteko. 22:00etan irten ziren berriro plazaruntz. Hiru auzotan zituzten suak piztekoak eta haien bueltan dantza egitekoa zuten haurrek, baina azkenean Herriko Enparantzako sua piztu zuten bakarrik eta frontoian dantzatu zituzten prestatutako hiru dantzak: Borobilean, Zazpi Jausi eta Txapeloaz. Bukaera ezin hunkigarriagoa izan zen. Izan ere, frontoian batutako jendeak eta haurrek eurek sekulako txalo zaparrada eskaini zioten Amagoia Zabalari, ludotekako eta gaztelekuko arduraduna izan dutenari. Jaialdia udaletxetik bota zituzten su artifizialekin amaitu zen.
- ARGAZKI-BILDUMA: San Joan Bezpera Eguna Mendaron