Hainbat hilabeteetako etenaldiaren ostean, The Renegados talde bizkaitarrak eramango du berriro ere musika Kultur Etxeko sotora. Maiatzaren 21ean, barikua, emango du kontzertua The Renegados taldeak, 20:00etan. Antolatzaileek esan dute segurtasun neurri guztiak hartuko dituztela kontuan: aforoa mugatua (30 lagun), publikoa eserita egongo da elkarren arteko distantzia mantenduz, eta gel hidroalkoholikoa ipiniko dute sarreran. Sarrerak egunean bertan erosi beharko dira.
The Renegados taldekoak ere zuzenekoetara itzultzeko eta amplifikadoreak topera ipintzeko gogoz daudela esan dute. Lau bilbotarrek osatzen dute taldea eta 'Dead Man´s Hand' EPa aurkeztu zuten 2019an, eta Kosta Sarietan diskorik onenaren saria lortu zuten. Orain dela gutxi 'Barro y orgullo' abestia plazaratu dute.