Mendaroko kultur eskaintza aberasteko bere alea jarri nahi izan du Gararock Taldeak. Koronabirusaren pandemiagatik, iaz ezin izan zuten Gararock jaialdia antolatu eta arantza hori ere kendu nahi zuten. Hala, lau kontzertutako zikloa antolatu dute apiriletik ekainera bitarterako, Udalaren laguntzarekin. 'Begiekin entzutekoak' izena eman diote zikloari. Kontzertuak domeketan izango dira, 19:00etan, San Agustin kulturgunean (sarrerak 2 euroan jarriko dituzte salgai). Muga taldeak hasiko du zikloa, apirilaren 18an, eta haren atzetik etorriko dira, Testura (maiatzak 2), Mursego (maiatzak 30) eta Munlet (ekainak 13) taldeen kontzertuak. Antolatzaileek aurreratu dute, musika eta irudia uztartuko dituztela lau taldeek euren emankizunetan.