Durangoko Azokaren taupada Elgoibarren

Barren.eus 2020ko abe. 4a, 14:06

Aurten, pandemiak behartuta, Durangoko azoka bera ez da egingo. Alabaina, Euskal Herri osora zabalduko dute azoka, baita Elgoibarrera ere, Pitxintxu liburu dendaren bidez.

Osasun-alarmak ezarritako aforo eta mugikortasun murrizketak kontuan hartuta, 'Zu non, han DA!' proiektua jarri du aurten martxan Durangoko Azokak. Egitasmo horrek bi ardatz izango ditu: Plaza eta Denda.

  1. Lehenengoa, musika eta zuzenekoekin lotuta egongo da. Durangoko Azokak kontzertuak antolatuko ditu Euskal Herriko zortzi herritan: Amurrio (Burubio), Gasteiz (Jimmy Jazz), Bermeo (Kafe Antzokia), Bilbo (Euskalduna), Ondarroa (Beikozini), Azpeitia (Sanagustin eta Soreasu), Donostia (Doka eta Dabadaba) eta Atarrabia (Totem). Kontzertuak abenduaren 5etik 8ra antolatuko dituzte, eta herri bakoitzean bi eguneko egitaraua egongo da. Sarreren prezioa 8 eta 15 euro artekoa izango da, eta kontzertu guztietan zainduko dituzte lokalaren edukiera eta gainerako osasun-arauak (Sarrerak azokaren webgunean eskuratu ahal izango dira).
  2. Bigarren ardatza denda izango da. Ekimen honen barruan, Euskal Herriko hainbat liburu dendatan modu presentzialean salduko dituzte azokako produktuak, abenduaren 9tik urtarrilaren 8ra, tartean Pitxintxun. “Azokako online denda abenduaren 4tik 8ra egongo da zabalik, baina Azokaren eragina Gabonetarako erosketetara ere zabaldu nahi dugu, eta liburu dendetan emango diogu jarraipena online dendari”, azaldu zuten aurkezpenean Gerediaga elkarteko Nerea Mujikak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburu Bingen Zupiriak.

Beraz, Durangoko Azokaren webgunean bakarrik ez, Pitxintxun ere eskuratu ahal dira aurtengo nobedadeak eta besteak. Honela azaldu dio BARRENi Pitxintxu dendako Mari Jose Estibaritzek: "Guk beti egin dugu ahalegina Durangorako argitaratzen diren nobedadeak dendan izateko eta gure bezeroei zerbitzu on bat emateko, baina iruditu zaigu Durangoko Azokak aurten egin digun keinu hau aukera ona izan daitekeela guretzat. Egia da, Durangoko taupada beti iristen dela gurea bezalako liburu dendetara ere, batetik, Gabonak gainean izanda opari bila hasita egoten delako jendea, eta bestetik, argitalpen gehienak ere orain izaten direlako, baina aurten gehiago saltzeko aukera ikusten dugu. Hori bai, lana ere gogotik egin beharko dugu. Denda txiki batentzat aukera ona da hau, baina aldi berean, denda berrantolatzea eskatzen du. Guk, adibidez, pareko lokala hustu dugu eta hor jarriko dugu gure erakusmahaia. Durangoko Azokak espazioa dauka, guk ez daukaguna, eta hori abantaila handia da. Guk nahita ere ezin dugu dendara iristen zaigun material guztia Durangon bezala erakutsi. Baina izatez han eskuratu daitekeen dena eskuratu daiteke hemen, egunean bertan ez baldin bada, bi egunen barruan".

Informazio osoagoa: BARREN aldizkaria, 1183. zenbakia -PDF-

2020 12 04 durangoko azoka da elgoibar pitxintxu 2

2020 12 04 durangoko azoka da elgoibar pitxintxu 3