Luis Orduñak (Barañain, 1980) Zumarragako Musika Bandako zuzendari izateari laga zion Gasteizkoa zuzentzeko. Otsailean izan zen hori, eta zuzendari berriaren bila hasi zen banda. Interesatuei curriculumak bidaltzeko eskatu zieten, eta demaseko arrakasta izan zuen deialdiak, 50 bat hautagai aurkeztu baitziren, besteak beste, bandako zuzendarien Espainiako elkarte batek ere eman zuelako deialdiaren berri. Hala, Sevillatik edo Jaendik ere ailegatu zitzaizkien eskaerak Zumarragako Musika Bandara. Aukeraketa erraztu aldera, Euskal Herriko zuzendari bat aukeratzea erabaki zuten.
• Lau hautagai batuta bakarrarentzat
Aurkeztutako hautagaien artean hamazortzi ziren euskal herritarrak, eta eurei buruzko informazioa eta bideo bat bidaltzeko eskatu zieten. Horiek aztertu eta gero, lau hautagai aukeratu zituzten: Arkaitz Mendoza donostiarra, Aitor Biain oñatiarra, Ane Legarreta galdakaoztarra eta Iñigo Cearsolo elgoibartarra. Zuzendari izateko hautagai bakoitzak zazpi entsegutan zuzendu beharko du banda eta kontzertu bat eman gero. Iñigo Cearsolok zuzenduko duen kontzertua, hirugarrena, 2021eko apirilaren 25erako iragarri dute. Cearsolok badauka esperientzia bandak zuzentzen zuzendari ikasketak bukatu ostean, Debabarreneko orkestra sinfonikoa zuzendu baitu eta Getariako musika banda ere gidatu izan du, zuzendari gonbidatu gisa.
Elgoibarkoa moduan, ibilbide luzeko banda da Zumarragakoa, iaz 150 urte bete baitzituen.
∞ Lotura duten albisteak:
- Iñigo Cearsolok Getariako musika banda zuzenduko du domekan (2019-04-25)
- Debabarreneko Orkestra Sinfonikoa zuzenduko du Iñigo Zearsolok Herriko Antzokian (2018-04-27)
- Iñigo Zearsolok Debabarreneko Orkestra Sinfonikoaren kontzertua zuzenduko du Eibarren (2017-05-11)
- Elgoibarren ere aurkeztu zuten Debabarreneko Orfeoia (2017-03-09)